One Piece: Grand Gourmet lastotxapelen tripulazioa sukaldari lanetan jartzera dator

Lander Unzueta | 2026/09/21 10:00 BerriakPCSwitchSwitch 2AndroidiOS



PCan, Switch kontsoletan eta Android zein iOS mugikorretan estreinatuko da urriaren 23an.

One Piece: Grand Gourmet Tokyo Game Show azokatik igaro da, Monkey D. Luffy pirataren eta bere tripulazioaren abentura berriko gakoak zehazteko. Borrokak eta bestelakoak alboratuta, sukaldaritza eta kudeaketa lanak elkartuko dituen jokoa prestatzen dabiltza Bandai Namco-koak.

Horretarako, Kairosoft estudioarekin elkartu dira. Game Dev Story bezalakoen garatzaileek ohiko oinarriak eta mekanikak berreskuratuko dituzte, oraingoan Eiichiro Oda mangakak eratutako unibertsoan girotzeko. Baratie 2 jatetxea kudeatzea izango da helburua. Manganimearen zaleek ondo ezagutuko dute, Sanji pirataren lantoki ohia izanik: eguneratutako bertsioa irekita, lastotxapelak bertan lanean jarriko dira, bezeroak artatuz eta platerak prestatuz.

Langile hasiberriaren rola jokatuta, kozinatzen, osagaiak biltzen eta kudeatzen nahiz jatetxea bera zaintzen ariko gara. Langileak lortzea eta hauen abileziak hobetzea ezinbestekoa izango da handitzen eta hedatzen doan jatetxeak funtzioaraztea lortzeko. Noski, gure taldeko sukaldariak nahiz jatetxera hurreratzen diren bezeroen artean One Piece munduko pertsonaia ezagunak ikusiko ditugu: Bizarzuri, Shanks, Buggy, Boa Hancock eta beste 400 aurpegi inguru igaroko dira Baratie 2tik.

Pertsonalizazioa izango da ardatzetako bat: jatetxea nahi bezala atonduta eta antolatuta, gure menuak apaintzeko aukera edukiko dugu. Minijokoetarako tartea ere egongo da, tripulazioa zein langileak entrenatzeko eta indartzeko probekin, baita beste pirata taldeen aurkako borrokekin ere.

Aspalditik ez dugula One Pieceren bideojoko handi bat ikusten; Grand Gourmet ez da izango askok bilatzen dutena, baina Kairosoften lanek milaka pertsona harrapatzea lortu dutela ezagututa, Luffyren eta lagunen abentura xumeagoaren baina dibertigarriagoaren aurrean egon gaitezke.

Laster helduko zaigu, urriaren 23an estreinatuko baita. PC, Switch 2, Switch eta Android zein iOS gailu mugikorretan kaleratuko da One Piece: Grand Gourmet.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

Steam

Steam konexioak huts egin du...


Jarraitu Steam taldea

Azken erantzunak

Lander Unzueta
Kaixo, Daflipat! Tamalez, oraingoz ez: nahiz eta GNU/Linux oinarri duen, SteamOS ezin daiteke euskaraz jarri. Agian mahainguruko ingurunea euskara…
Steam Machine, Steam Frame eta Steam Controller 2…
Daflipat
Kaixo! Badakizue SteamOS sistema eragilea euskaraz erabiltzerik dagoen? Eta euskaraz ez balego, euskaratzeko modurik legokeen? Eskerrik asko zuen l…
Steam Machine, Steam Frame eta Steam Controller 2…
Damian
Hartuta! Probatzeko goguakin. Zaharra probatu eta immertsioa haundixa zan. Hola are gehixau!
S.T.A.L.K.E.R.: Legends of the Zone bildumak tril…
Damian
Begiratu kickstarterra! Itxura bikaina eta joko mota hau gustoko duenarentzat aukera ona!
Prelude Dark Pain-ek Kickstarter kanpaina arrakas…
eZpata_10
Mila esker benetan, Outer Wilds euskaraz jokatzea zoragarria izan da :D
Outer Wilds eta bere DLC-a, euskaratuta