Lastotxapelen abentura urtarrilaren 13an estreinatuko da PC-an eta PlayStation zein Xbox kontsoletan.

Bandai Namco argitaletxe japoniarrak ILCA estudioarekin elkarlanean garatzen ari den One Piece Odysseyren berritasunak eskaini ditu. Trailer berri baten bidez jokagarritasunaren zertzeladak eman, eta esploratzeko gune gehiago ezagutzera eman dira: zehazki, Water 7 eta Enies Lobby irlak.

Nahiz eta Odysseyko istorioa manganimetik bereizita egon, lastxotxapelen tripulazioaren oroitzapenetan murgilduko dira jokalariak. Hori horrela, Eichiro Oda mangakaren lanean ikusitako unerik gogoangarrienak berriz biziko ditugu.

Aipatutako bi irletan jazotakoak dira, inolako zalantzarik gabe, One Piecen zaleen artean maitatuenak. Kokaleku hauetan Luffy eta lagunek CP9 taldeko agenteen aurka egin zuten Nico Robin kidea salbatzeko helburuarekin.

Horixe da, hain zuzen ere, Odyssey honetan ikusiko duguna. Rob Luccy, Kaku eta gainerako gaizkileak beste behin garaitu beharko ditugu —antza denez, “indartsuagoak” izango dira oroitzapen hauetan—, oraingoan txandakako borroken bidez. JRPG klasikoen kutsua edukiko du One Piecen abentura honek, jokagarritasun bideoetan argi ikus daitekeenez.

Esplorazioarentzako lekua ere egongo da, ordea: Water 7 irlako kaleak, Franky familiaren gotorlekua eta Enies Lobbyko basea bisitatuko ditugu, besteak beste. Hori, oroitzapen zehatz honetan: Alabastako erresumara joango garela ere badakigu. Horrela, Krokodilo maltzurraren aurka egin beharko dugu Vivi printzesarekin batera.

Odysseyrako Odak sortutako irla esploratzea izango da, baina, jokoaren helburu nagusia: Waford izango da tituluko kokaleku nagusia. Adio Suerte eta Lim izeneko pertsonai berriak ezagutuko ditugu bertan, gidoi propioa duen abenturan murgiltzeko.

One Piece Odyssey datorren urte hasieran helduko da: urtarrilaren 13an merkaturatuko du Bandai Namcok. Plataformei dagokienez, ordenagailuetan zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan jokatu ahalko dugu Monkey D. Luffy pirataren eta bere adiskideen abenturara.