Miyamoto Musashi izango da protagonista, Toshiro Mifune aktorearen aurpegiarekin. Azaroaren 2an estreinatuko da.

Onimusha berria aurkeztu dute. Hori bai, ez da bideojokoa izango, animazio telesaila baizik: Capcom Netflixekin elkartu da frankizia klasikoa berpizteko. Iragarpenarekin lehen trailerra erakutsi dute.

PlayStation 2aren aroan estreinatutako bideojokoen zaleek ez dute aurpegi ezagunik ikusiko —edo bai, Blade Warriors borroka jokoan ibilitakoak bazarete—: Samanosuke Akechi, Jubei Yagyu eta Soki protagonistak hartu beharrean, istorio erabat berria aurkeztuko digu animeak.

Oraingoan Miyamoto Musashi samurai ospetsua izango da protagonista; aipatutako Onimusha: Blade Warriorsen soilik agertzen zen. Aurpegia aspaldi zendutako Toshiro Mifune aktore ezagunak jarriko dio. Bideojokoetan ikusitako istorioen aurrekoak kontatuko ditu telesaileak, itxura batean.

Onimushen ohiko elementuak ikusiko ditugu. Samuraien aroan girotuta, Genma izeneko zonbieak eta deabruak agertzen hasi dira Japoniako lurraldeetan, eta gerrari bakartiak Oni espirituek eskainitako esku babesa lortzen du… Horri esker izaki boteretsuenak garaitzeko gai izango da.

Takashi Miike sona handiko zuzendaria arduratuko da Onimushaz: Ichi the Killer edo Blade of the Immortal bezalako filmen egilea da. Animazioa hiru dimentsiotan egindakoa izango da, baina bideoan kalitate handikoa dela ikus daiteke.

Azaroaren 2tik aurrera ikusi ahal izango dugu Netflix plataforman.

 

Bideojokoen animeak bogan

Onimusha ez da Netflixekoek azkenaldian bideojokoak hartuta prestatutako telesail bakarra. Konami-koen Castlevania frankizia hartuta hainbat denboraldi dituen animea argitaratu dute, esaterako; are gehiago, irailaren 28an Castlevania: Nocturne izeneko anime berria estreinatuko da streaming plataforman.

Cyberpunk 2077ren unibertsoan girotutako Cyberpunk: Edgerunners bikaina ere Netflixek ekoiztutakoa da, besteak beste.