Erdi Aroko Kiotora bidaiatuko dugu. 2026an estreinatuko da, protagonista berriarekin.

Capcom-ek Onimusha sagaren bosgarren atala ezagutzera eman du. Onimusha: Way of the Sword PlayStation 2an hasitako abenturak biziberritzeko asmoarekin dator.

Horrenbeste zinematikaren artean, jokagarritasun pixkat ikustea asko eskertzen da: beti bezala, samuraiak eta katanak eskularru magikoekin zein deabruekin uztartuko ditu Onimushak. Oraingoan, baina Resident Evil kutsua guztiz alboratuko dutela dirudi —laugarren atalean egin bezala—, soulsborne estiloa dirudienera gehiago hurreratuz.

Borroka odoltsuetan exekuzioak eta kontraerasoak ageri dira: gure protagonista berriak —agur, Samanosuke— deabrurik handienen kolpeak geratzeko abilezia dauka. Guztia, nola ez, atal grafiko ikusgarriarekin: Capcomekoak RE Engine fidagarriaz baliatu dira berriz.

Erdi Aroko Kiotora bidaiatuko dugu oraingoan: trailerraren hasieran Kiyomizu-dera tenplu ezaguna ageri da, eta ziur bestelako toki ospetsuak ere ikusiko ditugula.

2006an estreinatutako Onimusha: Dawn of Dreams izan zen sagatik jokatu genuen azken lana. Maitatuena, baina, lehena da: 2019an Onimusha: Warlords-ek birmasterizazioa jaso zuen.

Onimusha: Way of the Sword 2026rako prest egongo dela aurreratu digute japoniarrek: PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan jokatuko dugu.