PC, Switch 2, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko da Capcom-en samurai gerlarien eta Genma deabruen arteko abentura.

Capcom japoniarrak Onimusha: Way of the Sworden kaleratze data aurreratzeko erabakia hartu du. Miyamoto Musashi samuraia protagonista duen abentura irailaren 4an estreinatuko da azkenik.

Iragarpena zergatia zehaztu gabe egin dute, baina azken egunotan entzundako zurrumurruek aurreratu digute; egia esan, ekainaren 25ean egindako Capcom Spotlight aurkezpenean irailaren 25eko data mantenduko zela aldarrikatu zuten, baina iritzia aldatu dute, azkenik. Pragmata-rekin gauza bera egin zutenez, ez da guztiz harritzekoa izan.

Irail erditik aurrera datorren bideojokoen zaparradarengandik ihes egiteko erabakia izan dela suposatzekoa da. Azaroko GTA VIren itzalpetik ihes egin nahian, Marvel’s Wolverine, Warhammer 40,000: Dawn of War 4, Fire Emblem: Fortune’s Weave, Silent Hill: Townfall, Control Resonant, Rayman Legends Retold, Ace Combat 8: Wings of Theve edo Gears of War: E-Day helduko dira egun horietan, nahikoa eta soberan edozein bideojokozalerentzat. Ziurrenik, datozen asteotan mugimendu gehiago ikusiko dugu estreinaldien egutegian.

Samuraiak, Kioto, Genma deabruak, kontraerasoak, eraso kritikoak eta magia agintzen ditu Onimusha berriak. Aurreko jokoen testuingurutik pixkat aldenduko dela dirudi, bai narratiban, bai jokagarritasunean, berrabiatze bilakatuta. Horrela, Oni botereak eskuratu dituen Musashi gerlaria gidatuko dugu, dozenaka borroketan parte hartzeko nahiz puzzle sinpleak argitzeko.

Doako demoa kaleratu zuten Capcomekoek ekainean: proposamen ikaragarria iruditu zaigu, katana duelu ikusgarriekin eta atal grafiko harrigarriarekin.

PC, Switch 2, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan merkaturatuko da irailaren 4an Onimusha: Way of the Sword.