“Anbizio handiko” titulua izanik, fintzeko denbora gehiago eskatu dute. Samsara hotelaren misterioak PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan argituko ditugu.

ONTOS interesgarrian aritzeko pixkat gehiago itxaron beharko da. Frictional Games estudioak eta Kepler Interactive argitaletxeak aditzera eman dutenez, beldurrezko abentura datorren urtera geroratu dute.

Orain arteko anbiziorik handieneko bideojokoa dugu ONTOS, eskala zein tamaina aldetik nahiz istorioaren eta jokagarritasunaren sakontasunari edo geruzei dagokionagatik”, adierazi dute partekatutako mezuan. “Ikuspegi hau eskaintzeko, ONTOSen argitapena 2027ra alderatzea erabaki dugu”.

SOMA zein Amnesia ikaragarrien oinordekoa iazko The Game Awards ekitaldian aurkeztu zuten, 2026an kaleratzeko asmoa adierazita, baina datarik eskaini gabe. Urteak aurrera egin ahala, eta azken hilabeteotako estreinaldien erauntsia ikusita, atzeratzearen erabakia inolako ezustekorik gabe iritsi da.

Abentura narratiboarekin aurreko bideojokoen oinarriak berreskuratuko dituzte, girotzez aldatuta: ilargian kokatutako Samsara hotel labirintikoa esploratu beharko dute jokalariek. Bizitzaren eta izatearen misterioak argitu nahi dituzten pertsonak aurkituko ditugu bertan, puzzleak eta misterioak argitzen gabiltzan bitartean. Buru hausgarrietan, diotenez, “ez dago konponbide bakarra”, eta gure erabakiak ondo aurreikusita; kontuz ibili beharko gara, hutsegiteek arazo eta ondorio larriak ekarriko omen dituztelako.

Gorea, eta giza gorputzari lotutako beldur elementuak aintzat hartuko dituzte berriro garatzaileek, oraingoan, pertsonaiei zein istorioari are garrantzia handiagoa eskainita. Esan bezala, Frictionalen orain arteko proiekturik handiena dela aldarrikatu izan dute, “bai irismenean, bai ekoizpen mailan, bai girotze anbizioan”.

2027ra arte itxaron beharko dugu, hortaz, ONTOS ezagutzeko. Ez bada ezer aldatzen, PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan kaleratuko da.