Retro anime estetika, era guztietako erronkak eta minijoko mordoa biltzen dituen jokoa bukatze ari da Shapefarm estudioa.
Orbitals irailaren 3an kaleratzeko asmoa iragarri du Shapefarm talde japoniarrak. Bikoteka jokatzeko abentura kooperatibo itxurosoa Switch 2 gailuan argitaratuko da esklusiboki.
Nintendo Direct aurkezpenean erakutsitako azken trailerrean mekanika eta jokagarritasun ideia berriak ikusi ditugu It Takes Two edo Split Fiction bezalako abenturen proposamena bereganatzen duen jokoarentzat: adibidez, 2.5D itxurako plataforma erronkak biziko dituzte Maki eta Omura protagonistek.
Horretaz gain, ohikoa berretsi dute egileek: ekaitz kosmikoari aurre egiteko eta protagonisten etxea salbatzeko, espazioan barneratuko gara adiskide batekin. Desafio anitzetan jokalari bakoitzak eginkizun desberdinak burutu beharko ditu: lore estralurtarren haziak jaurtita eta ureztatuta, ibiltzeko tokiak sortzea, gantxoa erabilita inguruneetako plataformak mugitzea, edo ur kanoiarekin lur goriak hoztea izango dira, esaterako, zereginetako batzuk.
Tokiko zein sare bidezko partidak jokatzea ahalbidetuko da; gainera, GameShare ezaugarriari esker, joko bakarrarekin bi jokalari aritu ahalko dira kontsola desberdinetan.
Retro anime estetika koloretsuarekin eta atseginarekin errematatuko dute Orbitals: 80ko hamarkadako telesail japoniarrek estetika irudikatzea lortu dute 3D grafikoekin, egia esan, lan bikaina eginda.
Switch 2ko jokalariek irailaren 3tik aurrera gozatu ahalko dute Orbitalsez.
Lander Unzueta
Iruzkinak