Hilabeteko estreinaldiak errepasatu ditugu: bideojokozaleek plataforma guztietarako tituluak jasoko dituzte.

Otsaila izaten da urteko hilabeterik esanguratsuenetakoetako bat bideojokoen argitalpen handien inguruan. 2023koa ere halakoa izango da: garatzaile handiek AAA tituluak kaleratzeko aprobetxatuko dute.

Zorionez, askotariko generoak ikusiko ditugu; ez hori bakarrik, denetariko plataformek jasoko dituzte lanotako gehienak. Has gaitezen otsaileko estreinaldirik garrantzitsuenak ezagutzen:

 

Hogwarts Legacy

  • Argitaratze data: 2023-02-10
  • Garatzailea: Avalanche Software / Warner Bros Games
  • Generoa: Abentura, RPG
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Harry Potterren unibertsoan girotutako abentura berriak zale guztien begiradak erakarri ditu. 1700. urteko Hogwarts ikastetxea bisitatuko dugu: azti zein sorgin berriak, baina leku ezagunak ikusiko ditugu bertan. Avalanche Softwarekoak garatu duten jokoak ikaragarrizko itxura daukala esan beharra dugu: urtaroetan banatutako mundu irekia, borrokak, sormena, kudeaketa eta RPG elementuak biltzen ditu.

Otsailaren 10ean estreinatuko dela aipatu dugu, baina, egia esan, argitalpen datarena kasu berezia da joko honekin. Ostiralean PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan kaleratuko da Hogwarts Legacy; Deluxe Edition bertsioa erosten dutenek, ordea, hiru egun lehenago jokatu ahalko dute, otsailaren 7an. PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletako bertsioak apirilaren 4an merkaturatuko dituzte. Bukatzeko, Nintendo Switch-eko jokoa uztailaren 25ean iritsiko da. Egutegi kolapiratsua, badakigu.

 

Returnal

  • Argitaratze data: 2023-02-15
  • Garatzailea: Housemarque / PlayStation Studios
  • Generoa: Akzioa, Roguelike
  • Plataformak: PC

Returnal izango da PCra iritsiko den PlayStation 5eko lehen esklusiboa. Akzioa eta misterioa roguelike elementuekin uztartzen ditu Housemarquen tituluak. Atropos planeta esploratu beharko dugu denetariko estralurtarrak akatzen ditugun bitartean. Jokagarritasun azkarra eta gupidagabea agintzen ditu abenturak.

PS5ean sekulako balorazioak jaso ditu bai prentsaren, bai zaleen aldetik. Hori horrela, ordenagailuetan jokatzeko desiratzen gabiltzala esan behar dugu.

 

Like a Dragon: Ishin!

  • Argitaratze data: 2023-02-21
  • Garatzailea: Ryu Ga Gotoku Studio / SEGA
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Yakuza frankiziak izenez aldatu du. Like a Dragon izenburuarekin —horrela deitu da betidanik Japonian— orain arte mendebaldera iritsi gabeko altxorretako bat jasoko dute Kazuma Kiryu eta lagunen jarratzaileek: Ishin! Remake-aren aurrean gaude, gainera: berregindako atal grafikoaz gozatuko dugu.

Ishinek girotze zeharo desberdina proposatzen du: Erdi Aro Japoniarrera bidaiatuko dugu oraingoan istorio guztiz berria bizitzeko. Protagonistek eta arerioek sagako betiko izarren modeloak badituzte ere, pertsona berrien aurrean gaude —hauen nortasunak mantenduko dira, hori bai!—. Hortaz, sagan lehendabiziz murgildu nahi dutenentzako atal aproposa da.

 

PSVR2

  • Argitaratze data: 2023-02-22
  • Garatzailea: PlayStation
  • Plataformak: PlayStation 5

Jokoa ez bada ere, PlayStation VR2 gailuak bai ala bai aipatu behar ziren zerrendan. Errealitate birtualean bigarrenez barneratuko dira Sony-koak aparteko itxura daukaten betaurrekoekin eta aginteekin.

Bideojoko interesgarriekin iritsiko dira, gainera. Alde batetik, titulu berriak ditugu: Horizon Call of the Mountain izango da, zalantzarik gabe, gailuen izar nagusia. Bestetik, dagoeneko argitaratutako bideojokoak ditugu, baina VR-ra moldatuta: hori da Resident Evil Village edo Gran Turismo 7 bikainen kasua.

 

Octopath Traveler 2

  • Argitaratze data: 2023-02-24
  • Garatzailea: Square Enix
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Switch

Octopath Traveler originalak denetariko iritziak jaso zituen; hala eta guztiz ere, argi dago xarmaz betetako JRPG abentura zela. Hori jakinda, jarraipenak generoaren zaleak irrikitan jarri ditu. Bigarren atalean ere protagonista sorta anitza kontrolatuko dugu: bakoitzak bere istorioa izango du, une batzuetan bata bestearekin elkartuz. Oraingoan hori indartu egingo da, narratibak bikoteak sortuko baitu.

Square Enixen HD-2D estetika bueltan da Octopathekin: pixel art eta sprite ederrak hiru dimentsioko munduarekin batuko ditu mundu aberatsa eta izugarria sortzeko.

 

Kirby’s Return To Dreamland Deluxe

  • Argitaratze data: 2023-02-24
  • Garatzailea: HAL Laboratory / Nintendo
  • Generoa: Abentura, plataformak
  • Plataformak: Switch

Otsaila Kirbyrekin bukatuko dugu. Kirby’s Adventure Wii-ren berregitea izango da Return to Dreamland Deluxe. Bola arrosaren ohiko abentura izango da: bi dimentsioko jokagarritasunarekin bakarka zein lagunekin mailak gainditzea izango da helburua.

Berritasunen artean kopia abileziak daude: mecha eta harea mugimenduak erabiliko ditugu, besteak beste.