Urteko hilabeterik interesgarrienetakoa izaten da otsaila bideojokoentzat, eta 2024an errepikatzeko asmoa dago.

Otsail tropikala iritsi da, eta bideojokoak bero-bero giro epela are gehiago aztoratzera. Hilabete indartsua dator jokoen zaleentzat; egia esan, urteko estreinaldirik handienetakoak jasoko ditugu datozen egunotan. Final Fantasy berri eta ikusgarria, Persona eta Mario vs Donkey Kong klasikoen berregite itxurosoak zein urte luzez garapenean egon den Granblue Fantasy sagako ARPGa iritsiko dira.

Ez dira, baina, otsaileko argitalpen bakarrak. Era guztietako arazoak bizitzen ari den Suicide Squad: Kill the Justice League kaleratuko du azkenik Rocksteady Studios taldeak; gainera, Tomb Raider klasikoen bermasterizazio interesgarrian ibiltzeko aukera edukiko dugu; bukatzeko, bestelako joko txiki zein interesgarriak ere helduko dira egunotan.

Goazen guztiak ezagutzera!

 

Granblue Fantasy: Relink

  • Argitaratze data: 2024-02-01
  • Garatzailea: Cygames
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, PS4

Monster Hunter-en antzeko abentura dugu Granblue Fantasy: Relink. Kokaleku anitzetan mota desberdinetako misioak gainditzen joango gara mugikorretan horrenbeste arrakasta izandako Granblue unibertsoan girotutako jokoan.

Anime estetika, atal grafiko benetan ikusgarria, kooperatiboa eta aukeratzeko protagonista mordoa edukiko ditugu. Eraso berezi zein etsai nagusi nagusi erraldoiak ere agertuko dira, noski. PlatinumGames japoniarra hasi zen akziozko RPG hau garatzen 2016. urtean, baina 2019an Cygames bilakatu zen arduradun nagusia.

 

Persona 3 Reload

  • Argitaratze data: 2024-02-02
  • Garatzailea: Atlus / Sega
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Shin Megami Tensei frankiziako Persona saga osorik eraberritu zuen atalaren berregite ikusgarria prestatu dute Atluskoek. Persona 3 Reloadek Iwatodai hirira eramango gaitu berriro ikasle japoniarren egunerokotasuna bizitzera… eta ordu ilunean agertzen diren munstroei aurre egitera.

Oinarriak asko aldatu gabe, atal grafikoa guztiz eguneratu da, aldi berean jokagarritasuna hobetzeko aldaketa txiki baina esanguratsuak gehituz. Prentsak argitaratutako analisiek balorazio bikainak eman dizkio dagoeneko: hortaz, JRPG interesgarriren baten bila bazabiltza, aukera aproposa duzu.

 

Suicide Squad: Kill the Justice League

  • Argitaratze data: 2024-02-02
  • Garatzailea: Rocksteady Studios / Warner Bros. Games
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Eskuadroi zuizidak azkenik jasoko du bere bideojokoa: Harley Quinn, Deadshot, King Shark eta Captain Boomerang “heroiek” Superman, Batman, Wonder Woman eta gainerako superheroiak hiltzeko misioa daukate, Brainiac maltzurrak Metropolis erasotu eta hauek kontrolatu baititu.

Mundu irekiko abentura kooperatiboa dugu: ehundaka gaiztoren aurka ariko gara mugikortasuna ardatz duen abentura ikusgarrian.

Zoritxarrez, garapenean edukitako arazoak aipatu behar dira: orain hilabete batzuk kaleratu behar zuten Rocksteadykoek, baina zaleen aldetik jasotako kritikek geroratzera eraman zuten. Azken asteetan, gainera, era guztietako filtrazioak jaso ditu: bideoak, gidoia eta askoz gehiago zabaldu dira sarean.

 

Tomb Raider 1-3 Remastered

  • Argitaratze data: 2024-02-14
  • Garatzailea: Aspyr
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Lara Croft esploratzailearen abentura klasikoak berpiztuko ditu Aspyr estudioak. Lehen hiru jokoak eta euren espantsioak bermasterizatzeari ekin dio, baina lan sakona eginda: modeloak, testurak eta argiztapena aldatuko ditu, baita kontrolak eraberritu ere.

Dena den, atal grafiko originala mantentzeko aukera ere eskainiko dute.Joko maitatuotan aritzeko biderik onena izango dela espero dezakegu, hortaz.

 

Mario vs Donkey Kong

  • Argitaratze data: 2024-02-16
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Puzzleak, plataformak
  • Plataformak: Switch

Game Boy Advance eramangarrian kaleratutako Mario vs Donkey Kong puzzle jokoa hartu, atal grafiko berriztu eta erronka berriak gehitu dituzte Nintendokoek Switcheko bertsioan.

Horrela, Mini Mario jostailuak berreskuratzeko bideari ekingo diogu iturginarekin, Donkey Kongek hauek lapurtu ondoren. Puzzleak gainditzea izango da helburua, baina hauetan plataformak izango dira ardatza, frankiziako joko zaharragoetan gertatu modura.

 

Final Fantasy VII Rebirth

  • Argitaratze data: 2024-02-29
  • Garatzailea: Square Enix
  • Generoa: Abentura, ARPG
  • Plataformak: PlayStation 5

Hilabeteko azken egunean ikusiko dugu urteko estreinaldirik esanguratsuenetakoa. Final Fantasy VIIren remake-arekin jarraitzen du Square Enixek: Rebirth berregitearen bigarren atala izango da. Hori dela-eta, txandakako borrokez ahaztu eta akziozko RPGa ikusiko dugu berriz Cloud, Tifa, Barret, Aerith eta gainerako pertsonaia maitatuekin.

Berritasunak datoz, baina, eta ez bakarrik jokagarritasunaren aldetik: berregitearen lehen atala gainditu dutenek hainbat aldaketa nabariko zituzten istorioan, eta Rebirthekin bide hori jarraituko dutela dirudi.

PS5ean estreinatuko da oraingoz, baina adi: Squarek aipatu duenez, esklusibotasuna hiru hilabeterako baino ez da izango. PCko bertsioa laster ikusiko ote dugu?

 

…eta joko gehiago!

Otsaileko argitalpenik interesgarrienak ezagutu ditugu, baina bestelako titulu esanguratsuak ere etorriko dira datozen asteotan.

Otsailaren 8an Helldivers 2 tiro joko kooperatiboa kaleratuko du PlayStationek PS5ean zein PCan; Ubisoft-ek, berriz, Skull and Bones piraten mundu irekiko abentura estreinatuko du otsailaren 16an, denbora luzez garapenean egon ostean; 11 bit studios argitaletxeak The Thaumaturge izeneko RPG interesgarria ekarriko digu otsailaren 20an; Riot Forge desagertu egingo da, baina League of Legends-en girotutako Bandle Tale ikusiko dugu otsailaren 21ean; iaztik sarbide goiztiarrean dagoen Sons of the Forest arrakastatsuak 1.0 bertsioa jasoko du otsailaren 22an; bukatzeko, otsailaren 28an Brothers: A Tale of Two Sons eta Star Wars: Dark Forces maitatuen berregiteak ikusiko ditugu.

Ez dira gutxi, ezta?