Erdi Aroan zein fantasiazko munduan barneratuko gara egunotan, baita munstroenean, piratenean edo estrategiarenean ere.

Otsaileko bideojokoak errepasatzen hasita, urteko garai gogor horietakoan sartzen gabiltzala konturatzen da bat. Estreinaldiak barra-barra ikusiko ditugu egunotan, 2025a indar betean hasteko; halere, ezinezkoa izango da aipatutako guztietan jokatzeko denbora lortzea.

Kingdom Come: Deliverance 2 ikaragarriari helduko diogu laster, baina atzetik datozenak bere parean egongo dira. Civilization VII desiratuaren partida luzeekin hasiko gara otsailean, baita Monster Hunter Wildsen ehiza ikusgarriekin.

Fantasia gogoko dutenek Avoweden proposamena zer nolakoa den ezagutzeko aukera edukiko dute, bestalde, eta yakuza mafisioen jarraitzaileek Hawaiira bidaiatuko dute oraingoan… piraten erregearen tituluaren bila?

 

Kingdom Come: Deliverance 2

  • Argitaratze data: 2025-02-04
  • Garatzailea: Warhorse Studios / Deep Silver
  • Generoa: RPG, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Henry zaldun gaztearen abenturekin jarraituko dugu Warhorse estudioaren RPG bikainaren bigarren atalean. Mundu ireki zabal bezain errealista agintzen digute berriro: XV. mendeko Bohemiara bidaiatuko dugu —hau da, egungo Txekiako Errepublikara— lehen pertsonako ikuspegian Erdi Aroan murgiltzeko.

Lehen jokoaren egiturarekin errepikatuko dute, baina, aurrerapenek aditzera eman dutenez, jasotako kritika gehienak zuzentzeari ekin diote egileek, obra benetan interesgarria garatuz. Kaleratu ondoren, gainera, hiru espantsio prestatuko dituztela azaldu dute Warhorsekoek.

 

Civilization VII

  • Argitaratze data: 2025-02-11
  • Garatzailea: Firaxis Games / 2K
  • Generoa: RPG, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Firaxisen estrategia saga maitatua bueltan da zazpigarren atalarekin. Sid Meier’s Civilization ohiko mekanikekin eta ideiekin dator: historiako aro desberdinetatik gidatu beharko dugu gure inperioa, aliantzak eratuz zein apurtuz.

Horretarako, mundu zabala esploratu beharko dugu, baliabideak bereganatuz, hiriak eraikiz eta erabaki sozioekonomikoak hartuz. Aroen sistema sinplifikatu dute oraingoan, hiru garai desberdinetara mugatuz; bakoitzean hartutako erabakien ondoren, zibilizazio berriak hautatu ahalko ditugu.

 

Avowed

  • Argitaratze data: 2025-02-18
  • Garatzailea: Obsidian Entertainment / Xbox
  • Generoa: ARPG, abentura
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Eora mundua beste ikuspegi batekin ezagutzea proposatuko digu Avowedek: Pillars of Eternity aparten girotzera itzuliko gara, baina lehen pertsonako —edo hirugarreneko— ikuspegiarekin. Akzioa izango da nagusi Obsidian taldearen joko berrian: armategi zabala edukiko dugu eskura, baina magia interesgarriak ere lortuko dugu.

Borrokak bukatzerakoan, baina, istorio eta narratiba sakonak ongietorria emango digute. Hizketaldi luzeak, eta, nola ez, erabakiak izango dira jokoaren beste ardatzetako bat. Mundu aberatsa osatu dute egileek, eta gogoangarria izatea gura dute.

 

Like a Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii

  • Argitaratze data: 2025-02-21
  • Garatzailea: Ryu Ga Gotoku Studio / SEGA
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Yakuza sagaren atal berria iritsiko zaigu otsail bukaeran… baina aldaketa handiekin dator. Aurreko Infinite Wealth-en ezagututako Hawaii ikusiko dugu berriro, baina protagonistaz aldatuz: Goro Majima maitatuarekin ariko gara oraingoan.

Mafiosoa izateari utziko dio… baina ez pentsa lanbidea zerbait normalagatik aldatuko duenik. Pirata lanetan ariko gara, gure ontzia kudeatuz eta kanoikadaz betetako dueluetan parte hartuz. Frankiziako ohiko beat ‘em up borroketan parte hartuko dugu; lasai, ontzi gaineko derrapatzeak ez badira nahikoa, minijokoak inoiz baino eroagoak izango baitira Majimarekin.

 

Monster Hunter Wilds

  • Argitaratze data: 2025-02-28
  • Garatzailea: Capcom
  • Generoa: ARPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Hilabetearekin amaitzeko urteko estreinaldirik desiratuenetakoa jasoko dugu. Capcomen Monster Hunter saga urrezko aroa bizitzen ari da World eta Rise tituluen argitalpenaren ostean, eta hurrengo Wildsekin orain artekoa hobetu nahi dute.

Beti bezala, ehizatzeko dozenaka munstro aurkeztuko dizkigu jokoak: horiek kokaleku ederretan zehar jarraitu beharko ditugu. Atal grafiko ikaragarri bezain exijentearekin eta multijokalari ezaugarriekin, hainbat urtez behin eta berriro entzuten ibiliko garen lana izan daiteke Monster Hunter Wilds.