PlayStation 5-ean zein PlayStation 4-an kaleratuko da Guerrila Games-en hurrengo lana. Zero Dawn PS5-ean hobetzen duen eguneraketa argitaratu dute.
Urte bukaerarako espero zen arren, PlayStationeko jokalariek pixkat gehiago itxaron beharko dute Horizon Zero Dawn arrakastatsuaren jarraipenaz gozatzeko. Sonyk bere PlayStation Blog-ean jakitera eman duenez Horizon Forbidden West datorren urteko otsailaren 18an estreinatuko dute azkenean.
Albistea ez da harritzekoa izan zaleentzat. Izan ere, Hermen Hulst PlayStation Studioseko arduradun nagusiak elkarrizketa batean God of War berria eta Gran Turismo 7 2022an merkaturatuko zituztela adierazi zuenean Forbidden West gabonetarako prest edukitzeko asmoa agertu zuen, baina hori oraindik zehazteko zegoela nabarmenduta.
Aurreko egunetan Jeff Grubb eta Jason Schreier kazetariek aipatu zuten Guerrila Gamesen hurrengo lana 2022an ikusteko aukera.
Berandutzeko erabakia, nola ez, osasun egoeraren eraginagatik hartu behar izan dutela adierazi du Mathjis de Jonge jokoaren zuzendariak. “Ezaguna da nazioarteko pandemiak gure taldeengan eragina izan duela; lan ildo berrietara, protokoloetara eta beste erronka batzuetara moldatzen ibili gara, langileak babestuta edukitzen eta bizimodu zein lanbide osasuntsua orekatzen saiatu garen bitartean”.
Forbidden West PlayStation 5 zein PlayStation 4 kontsoletan estreinatuko da.
Zaleek zain jarraitzen dute, baina otsaila iritsi bitartean beste behin Horizon Zero Dawnera jokatzeko aitzakia aproposa prestatu dute Guerrila Gamesekoek. PS5ean Aloyren lehen abentura segundoko 60 iruditara jokatu ahal izateko doako eguneraketa kaleratu berri dute arduradunek.
Iruzkinak