Esplorazioa eta puzzleak uztartzen dituen tituluak dozenaka sari eskuratu ditu jatorrizko estreinalditik.

Nintendo Indie World ekimenak hainbat bideojoko independente bildu ditu, baina ezustekorik handiena bukaerarako utzi dute, nola ez. Outer Wilds Switcherako iragarrita zegoen, baina azkenik ezagutu dugu kaleratze data, eta gutxi falta da kontsola hibridoan estreinatzeko: abenduaren 7an kaleratuko du Annapurna argitaletxeak.

Archaeologist Edition bertsio berezia izango da Nintendoren gailura iritsiko dena. Jatorriz 2019an argitaratu zen oinarrizko bideojokoa eta ostean jasotako eduki gehigarri guztiak elkartzen ditu: Echoes of the Eye izeneko espantsioan galaxiako sekretu guztiak argitzeari ekingo diogu.

Outer Wilds ez baduzu ezagutzen, baina sarean berari buruz zerbait irakurtzen hasten bazara, ziur foroetako edo aldizkarietako erabiltzaileek gauza bera gomendatzen dizutela: “Ez ezazu gehiago ikusi, erosi jokoa, eta lilura zaitez”. Arrazoia daukate.

Esplorazioa eta puzzleak dira nagusi Mobius Digital estudioaren bideojokoan. Mundu irekiko abentura biziko dugu, eta hainbat misterio aurkituko zein argituko. Obra benetan berezia da, eta irabazi dituen sariek horrela diote: besteak beste, BAFTA sarietako 2020ko bideojokorik onenaren garaikurra eraman zuen.

Switcheko bertsioa orain bi urte iragarri zuten Annapurnakoek; aurretik PCan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan kaleratu dute. Euskaraz joka dezakegu, gainera: Eztainu erabiltzaileak PCko bertsioa lokalizatu zuen, eta hori euskaratzeko fitxategiak argitaratu.

Switcheko erabiltzaileak ezin galdu dezaketen Outer Wilds abenduaren 7an kaleratuko da. Edizio digitalaz gain, 2024an bertsio fisiko berezia jasoko du.