Jokalariak elkarren aurka ariko dira Blizzard-ek abiaraziko duen proban. Heroien tiro jokoa 2023an kaleratzea aurreikusten dute.

Blizzardekoek Overwatch 2ren beta itxia iragarri dute: apirilaren bukaeran hasiko dute. PC-ko jokalariek soilik parte hartu ahalko dute bertan, eta oraindik zehaztu gabeko eskualde batzuetara mugatuko dute.

Izen ematea abiarazi dute jada, sekulako erantzuna jasota zaleen aldetik; izan ere, zerbitzariak erorita egon dira parte hartze handiarengatik. Une honetan funtzionamendua normaltasunera itzuli dela dirudi. Betan jokalariak elkarren aurka ariko dira PvP norgehiagoketan: bost jokalariz osatutako bi talde egongo dira partida horietan.

Zenbait heroi aurreratu dituzte: Sombra, Orisa, Doomfist eta Bastion itzuliko dira bigarren jokoaren betarako, eta Sojourn heroi berriaren estreinaldia izango da gainera. Lau mapa berri eskainiko dituzte: Circuit Royal, Midtown, New Queen Street eta Colosseo. Azken bietan Push deitutako joko mota berrian lehiatuko da.

Beta itxiaren iragarpena Overwatchen jokalarientzako ohiko garatzaileen eguneraketarekin heldu da. Aron Keller zuzendaria agertu da bideoan: Jeff Kaplan-en ordezkoak aitortu duenez, “ez dabiltza komunikazio zuzena mantentzen”, eta “komunitateari huts egin” diotela uste dute.

Hori horrela, gero eta jokalari kopuru handiagoarengana iritsi nahi dute betekin: “Fase honetan daukagun helburua ezaugarri, eduki eta sistema berriak probatzea da etorkizuneko beta probetan zerbitzariak jokalari kopuru handiago batekin probatu aurretik”, dio Kellerrek.

Overwatch 2 estreinatu aurretik itxaron egin beharko da, hala ere. Azken finantza txostenean 2023rako aurreikusten zuten Blizzardekoek. Dena den, Blizzard nahiz Activision Microsoft-ek bereganatu dituela gogoratu beharra dago; ondorioz, ikusteko dago data horiek mantenduko diren.