2019an iragarritako esperientzia bateratua “ezinezkotzat” eman dute arduradunek. Halere, heroien misioak sortzen jarraituko dutela diote.

Argi dago Overwatch 1etik 2rako jauzia ez dela izan zaleek nahi zuten bezalakoa. Talde txikiagoak, ordainpeko heroiak eta beste hainbat ezaugarri trakets inplementatu ondoren, bigarren jokoa sortzearen zergatirik handiena bertan behera uztea erabaki dute garatzaileek: ez dugu PvE modalitate nagusia ikusiko.

Berria garatzaileen azken zuzeneko berezian eman dute. 2023ko ibilbide orriari buruz eztabaidatzerakoan zehaztu dituzte jokalari bakarraren modalitateen eta kooperatiboaren berritasunak.

BlizzCon 2019 ekimenean bideojokoa iragartzerakoan Overwatcheko heroietan ardaztutako kanpainako misioak, CPUak gidatutako etsai interesgarriak eta askoz gehiago agindu zuten Blizzardekoek. Orain, hori guztia taldearen kalitate mailetara egokitzen den esperientzia bateratzea “ezinezkotzat” jo dute.

“Erabaki zaila izan da”, azaldu du Jared Neuss jokoaren ekoizleak. “Ez dago amaierarik bistarara, edo definitutako bukaerako helbururik munduarekin partekatzeko. Gure ahalegin guztiak PvE-an jarri behar genituen etorkizunean kaleratzea buruan edukita, edo hartu ditugun baloreak zein helburuak hartuta joko nagusian fokuratu”.

Kanpaina nagusia alboratu badute ere, PvE modalitate txikiagoak sortzen eta kaleratzen jarraitzeko asmoa agertu du taldeak. Aaron Keller zuzendariak aldarrikatu duenez, “joko mota bakarrean edo estreinaldi handian ardaztu beharrean, gure eguneraketen egutegian txertatzeko moduko joko motetan eta esperientzia kooperatiboetan lanean ariko gara”.

Hori horrela, Overwatch 2ren istorioa aurrera eramateko ekitaldi bereziak, ezaugarri kooperatiboak, heroiak menperatzeko misioak nahiz aldi baterako misio esklusiboak prestatuko dituzte.

Kooperatiboari lotutako lehen eguneraketa handia udazkenean ikusiko dugu; zehazki, 6. denboraldiari irail aldera hasiera ematen diotenean.

Nola ez, kritiken eztanda ikusi dugu jadanik zaleen aldetik. Ez da harritzekoa, esan bezala, Overwatch 2ren iragarpena PvE kanpaina horren garapenari lotutakoa baitzen.

Ordutik hona jokoaren kalitateak beherakada nabarmena jasan duela nabarmentzen dute askok, eta bigarren jokoaren benetako izaera mikrotrantsakzioen sistema aldatzea eta okerrera eramatea —jokalarientzat, noski— izan dela diote zale askok.