Nintendok Bandai Namcorekin elkarlanean garatutako battle royale erako jokoa da. 99 jokalariko partidak proposatzen dituzte arduradunek.

Tetris 99rekin eta Super Mario Bros. 35ekin joko klasikoak battle royale formatura modu arrakastatsu batean egokitu zituen Nintendok. Formatu horrekin jarraitzeko asmoarekin Bandai Namcoren Pac-Manen battle royale bertsioa iragarri eta kaleratu dute ezustean bi enpresa japoniarrek: Pac-Man 99 Nintendo Switch Online zerbitzuan jokatu daiteke dagoeneko.

Battle royalea Bandai Namcoren pertsonaia ezagunaren 40. urteurrena ospatzeko asmoz garatu dutela azpimarratu dute garatzaileek. Trailer luzea prestatu dute bideo-jokoaren funtzionamendua azaltzeko:

Lehen aipatutako beste bi jokoetan gertatu bezala, Pac-Manen oinarrizko jostagarritasuna mantentzen da battle royale honetan: labirintotik bolatxoak jaten joan beharko dira jokalariak mamuak saihesten dituzten bitartean.

Hauek jateko ere egongo da Power Pellet bat irensterakoan; mamuak akatuz gero partida berean jokatzen ari diren beste jokalariei Jammer Pac-Man izeneko izakiak bidaltzeko aukera egongo da. Horiek aurkariak ikutzerakoan gelditu egingo dituzte.

Izan ere, izenak dioen bezala 99 jokalari ariko dira elkarren aurka jokatzen. Garaipena eskuratzeko estrategia eta taktika desberdinen artean hautatu dezakete partaideek. Horrez gain mamu lotiak irabazteko gakoa izango direla nabarmentzen dute trailerrean: horiek janda mugitzen ari diren mamuen atzean kokatuko dira, power pellet bat erabiltzerakoan are puntu gehiago eskuratzeko aukera eskainita.

Bandai Namcoren beste bideo-joko klasikoak ere kontuan hartzen ditu Pac-Man honek. Xevious, Galaga, Dig Dug eta beste hainbat jokoren itxurak erabili daitezke jokoan, interfazea eta soinuak aldatuz horrela.

Nintendo Switch Online harpidetza zerbitzuaren erabiltzaileentzat soilik zuzendutako jokoa da Pac-Man 99. Harpidedunek doan jokatu dezakete battle royalera.