Irailean estreinatu ziren Nintendo 64-ko bideo-jokoak, SEGA Mega Drive kontsolakoekin batera. Etorkizunean are obra gehiago gaineratuko dituzte.

Polemikaz beteta abiarazi dute N Handikoek Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza. Online zerbitzuen maila berriak joko gehiago eta eduki desberdinak eskaintzen ditu, baina horiek lortzeko prezio altuagoa ezarrita. Zaleen artean kritika mordoa jaso badituzte ere, zerbitzuarekin aurrera doaz: abenduaren 10ean N64ko Paper Mariora jokatu ahalko da kontsola hibridoan.

Jatorriz 2001ean kaleratutako abentura bikain honek iturginaren jauziak eta plataformak alboratu eta JRPG mekanikak hartzen ditu. SNES-eko Super Mario RPG maitatuaren oinordekoa, umorez betetako lana da Paper Mario; bere ezaugarririk esanguratsuena da, ordea, atal estetiko berezia: paperezko eta kartoizko mundu ederra eratu zuen Intelligent Systems estudioak.

Zalantzarik gabe, Nintendo 64ko jokorik onenetakoa eta gogoratuenetakoa da Paper Mario; hortaz, argi dago zaleek asko eskertuko dutela bere iritsiera abenduan. Izan ere, gaur egun bizirik jarraitzen duen saga da. Paper Mario: The Origami King iaz estreinatu zen Switchean; aurretik Gamecube, Wii eta 3DS kontsoletan ere kaleratu dituzte JRPG spin-off jokoetako abenturak.

Paper Mario da Expansion Pack harpidetzak jasotzen duen lehen jokoa: irailean Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Mario Kart 64, Lylat Wars, Sin and Punishment, Dr. Mario 64, Mario Tennis 64, Operation: WinBack eta Yoshi’s Story klasikoekin abiarazi zuten harpidetza maila, Nintendo 64ko jokoen aldetik. Izan ere, SEGA Mega Drive kontsolako jokoak ere bildu dituzte bertan.

Etorkizunean Banjo-Kazooie, Pokémon Snap, The Legend of Zelda: Majora’s Mask, Kirby 64: The Crystal Shards, Mario Golf eta F-Zero X gehituko dituztela aurreratu dute Nintendokoek.

Nintendo Switch Online arruntaren harpidetzak urteko 20 euro balio dituen bitartean, NSO + Expansion Pack mailak 40 euroko prezioa dauka. Horri emulatutako jokoek dituzten arazoak gehitu behar zaizkio: input lag-a, akats grafikoak eta gehiago salatu dituzte jokalariek. Ikusteko dago beraz jokoak banaka argitaratzeko erabakiak nola eragingo duen zerbitzuaren erabiltzaile kopuruan.