Marioren RPG abenturaren borrokak, mundua eta xehetasun orokorrak ezagutzera emateko balio izan duen 35 minutuko aurrerapena eskaini dute.

Ostiralean Paper Marioren abentura berria kaleratuko du Nintendok. The Origami Kingek Marioren RPG aldeari hainbat berritasun eta aldaketa gehituko dizkio: horiek azaltzeko Treehouse aurkezpena egin du N handiak.

35 bat minututan Origami Kingen biziko ditugun borrokak eta Mariorekin bisitatuko dugun erreinua ezagutzera eman dute Nintendoko aurkezleek. Intelligent System garatzailea sortzen ari den bideojokoak Paper Marioen ohiko dinamika jarraitzen du. Halere, borrokak eraberrituta datoz oraingoan.

Eraztun sistema baten bidez funtzionatuko dute: arerioak Marioren inguruan kokatuta egongo dira, eta jokalariak horiek lerrokatu beharko ditu eraso suntsigarriagoak erabili ahal izateko. Horrela, RPG sistemari puzzleak gehituko zaizkio.

Gainera, borroketan hainbat kideren laguntza edukiko dugu: Bob-Omb bat, Kamek bat edota Bowser Jr. Mariori laguntzeko prest egongo dira. Oraingo honetan ez dugu esperientzia punturik lortuko borrokak irabazi ondoren.

Girotze desberdinetako kokalekuetatik ibiliko dira Mario eta bere adiskideak. Horietan pertsonaiak ezagutu, Toadak salbatu eta gure protagonista eskuratzen joango den askotariko ahalmen bereziak erabili beharko dira abenturan aurrera egin ahal izateko. Beso tolesgarriekin, esaterako, paperez eta kartoiz osatutako paisaiak apurtu edo tolestu ahalko ditugu.

Paper Mario: The Origami King uztailaren 17an estreinatuko da Nintendo Switchean.