Protagonisten nahiz etsaien erasoak, kokalekuak, objektuak edo medailak inplementatzen ditu TTYD64 romhack-ak, beste dozenaka berezitasunekin batera.

Nintendo 64 kontsolako Paper Mario da, ziurrenik, iturginaren JRPG abenturen artean maitatuenetakoa. Hala ere, 2000. urtean estreinatutako titulua zaharkituta geratu da hainbat alorretan, batez ere, honen jarraipenek ekarritako berritasunengatik. Hori aldatzera animatu da zale bat; horretarako, Paper Mario: The Thousand-Year Door jarraipenaren elementuak hartu eta lehen jokoan txertatu ditu.

TTYD64 izeneko romhack-ean ikusiko ditugu berritasunok: eldexterr garatzaileak guztiak zerrendatzeko iragarpen bideo berezia prestatu du.

Ikus daitekeenez, aldaketen zerrenda luzea eta aberatsa da. Etsai berriekin topo egingo dute Mariok eta bere adiskideek; zorionez, hauei aurre egiteko mugimendu bereziak eskuratuko dituzte. Superbabesa, karga edo defentsa nabarmentzen dira bideoan. Gauza bera gertatuko da, baina, etsai klasikoekin, eraso berriak zein objektuak erabiltzeko gai izango baitira.

Dueluetan lagungarriak izango diren elementu sorta zabala ikusiko dugu romhackean: GameCube-ko jokoko 60 medaila baino gehiago nahiz 50 objektu inguru gehitu ditu eldexterrek. Medaila sistema eraberritua erabiltzen du proiektuak. Gainera, sukaldean prestatzeko errezetak erabili ahalko ditugu; zehazki, TTYDen agertutako guztiak.

N64ko jatorrizko obran agertzen ez ziren kokalekuak zeharkatzen ibiliko gara, gainera. 45 mapa berri aipatzen ditu garatzaileak; horrez gain, dagoeneko jokoan zeuden 70 bat mapa eraldatu ditu.

Nahikoa ote da? Tira, ba are berrikuntza gehiago azpimarratzen dira: 100 erronken ziega, buruzagi zein minijoko berriak, zailtasun mailak, joko berria + eta ausazko modalitatea daude, besteak beste, TTYD64 romhackean.

Eraldatutako roma lortzea ez da zaila izango mundu honetan adituak direnentzat. Paper Marioren USA bertsioa beharko dugu eldexterreren adabakiarekin batera: hauek adabakia jartzeko webgune berezian erabili, eta kitto.