Game Erauntsiko Telegrameko taldekook dakizuen bezala, 3Mb-ko Internet kaxkarra daukagu etxean. Edozein aukera aprobetxatu ohi dut nire frustrazioa taldekideekin partekatzeko, nire penak arintze aldera. Oraingoan, hala ere, ez nator kexatzera, aurreko batean ordu gutxi batzuetan deskargatu eta jokatzen hasteko moduko bideojoko baten bila nenbilela topatutakoa partekatzera baizik. Jokoak Papers, Please (paperak, mesedez) du izena, eta Linux, Windows, Mac, Ios eta PS Vitarako dago eskuragarri. 2013. urtean argitaratu zen, eta harrezkero, sari ugari irabazi ditu (esate baterako, zenbait komunikabidek 2013.en urteko joko onena izendatu zuten). Ez zaitzatela grafiko pixelatuek beldurtu, trukean jokoak 100MB bakarrik pisatzen ditu eta.

Txantxak alde batera utzita, benetan joko ona dela iruditu zait. 80ko hamarkadaren hasiera da, Arstotzka errepubilka fiktiziozko mugako funtzionario izendatu zaituzte, eta zuk erabaki beharko duzu bertatik nor pasatuko den, eta nor ez. Horretarako, zenbait lan egin behar dituzu: muga pasatu nahi dutenek euren dokumentazioa aurkezten dizute, eta zuk dena ondo dagoela ziurtatu behar duzu (argazkia zuzena den, dokumentazioa benetakoa den, lan egiteko edo bertan bizitzeko baimenik duten, iraungiturik ez dagoen... Batzuetan, “ausazko” X izpi kontrolak egitea ere tokatuko zaizu.

 

Jokoa benetan gogorra da, askotan nahi ez dituzun erabakiak hartu beharko baitituzu. Grafikoak sinple samarrak badira ere, narratiba oso landuta dago (aitortu beharra dut behin baino gehiagotan lortzen duela ni hunkitzea). Baimenik ez duten zenbait pertsonari pasatzen uzteko tentazioa handia da, baina ez da hain erabaki erraza: lanean lortzen duzun soldatarekin zure familia mantendu behar duzu, eta etxera nahikoa diru eraman ezean familiakoak gaixotzen (eta azkenean hiltzen) hasten dira. Baimenik gabe pasatzen uzten duzun pertsona bakoitzeko penalizazio ekonomikoa aplikatzen zaizu. Gainera, artatutako pertsona kopuruaren araberakoa da soldata eta, hori dela eta, erabakiak azkar hartu behar dituzu. Presioa handia da, lana “ondo” egiten ez baduzu familiarik gabe eta kartzelan preso bukatzeko arriskua duzu.

Mekanika sinplea da, pertsonei sarrera baimendu edo ukatu besterik ez dugu egin beharko, baina niri behintzat ez zait batere errepikakorra iruditu. Jokoan aurrera egin ahala, dilema berriak agertzen doaz: eroskeriak, konspirazioak, gobernuko kideek jarritako tranpak... Jarraitzen dugun bidearen arabera, 20 amaiera desberdin daude.

Esan bezala, ez da joko erraza, ez nuke dibertigarria dela esango, baina bai interesgarria, zer pentsatu ematen duen horietakoa. Duela 5 urte argitaratu bazen ere, arazoak oraindik gure gizartean jarraitzen du. Bideojokoek kontzientzia sortzeko ere balio dutela frogatzen duen adibide garbia iruditzen zait. Ordu gutxi batzuk jokatzeko bada ere, denei gomendatzen dizuet, bereziki mugen defendatzaile sutsu diren horiei...