Doan eskuratu ahalko da. PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan aurretiazko sarbidean argitaratu zen 2024an.

Grinding Gear Games estudioak Path of Exile IIren behin betiko bertsioa abenduaren 11n argitaratuko dela jakinarazi du Gamescom azokaren aurkezpenean. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan merkaturatuko da.

Ekarriko dituen berrikuntzen artean, esanguratsuena, prezioarena da: 1.0 bertsioan debalde jokatu ahalko da. 2024 bukaeran abiatutako aurretiazko sarbidea ordainpekoa da; abenduaren 11tik aurrera doan eskuratu ahalko da Path of Exile II —baina ordainpeko edukiak biltzen jarraituko du, zelan ez—.

Horretaz gain, atal berriak, 100 mapa baino gehiago biltzen dituzten joko bukaera (endgame) edukiak eta askoz gehiago agintzen dute egileek. Laburbiltzearren, hamabi heroi mota, guztientzako zuhaitzen abilezia erraldoiak, abilezia harribitxien sistema eraberritua, eta gailu berean multijokalarian aritzeko aukera gehituko dituzte, era guztietako txukunketekin, oreka aldaketekin zein berritasunekin batera.

Etorkizunera begira, lehen nahiz bigarren jokoak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko asmoa agertu dute Grinding Gearrekoek. Diotenez, ordainpeko edukiak kaleratuko dituzte, baina beti “irabazteko ordaindu” formatua alboratuta.

Aurretiazko sarbideak askotariko adabakiak eta eguneratzeak jaso ditu: 2024an balorazio eskasagoak lortu zituen arren, denborarekin jokalarien iritziak hoberantza egin du, atal, heroi eta eduk gehiago jasota. Abendua iritsi aurretik bestelako gaurkotzeak ikusiko dituzte, gainera, 1.0 adabaki handiaren estreinaldirako prestatuz.

PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan argitaratuko da Path of Exile IIren 1.0 bertsioa abenduaren 11n.