Udako bideojokoen festak berotzen jarraitzen du: Summer Game Fest ekimenak 55 partaide aurkeztu ditu aurtengo aurkezpenetarako.

Aurkezpenetan bete-betean murgilduko gara datozen asteotan. Urteroko ohiko ekimenek hitzordua zehazten jarraitzen dute: azkenak PC Gaming Show, Day of the Devs eta Wholesome Direct izan dira, baita Latin American Games Showcase edo Women-Led Games Summer Game Fest ere.

Hiruretatik lehena indie bideojokoei zuzendutako Day of the Devs da. Ekainaren 7an, Summer Game Fest aurkezpenaren ostean emango dute, urtero bezala. Double Fine eta Iam8bit estudioek antolatutako egitasmoak Tom the Postgirl, Phoenix Springs eta beste hainbat titulu independente bilduko ditu, hauen inguruko berritasunak eman eta zenbait iragarpen berezi eskaintzeko.

Ekainaren 8an, berriz, dagoeneko udako aurkezpenen ikurrean bilakatu den Wholesome Direct itzuliko da. Kasu honetan ere, indie jokoak dira protagonista, baina berezitasun batekin: obra atseginak eta goxoak baino ez ditugu ikusiko. Garatzaile independenteek osatutako Wholesome Games taldeak antolatutako aurkezpena 18:00etan hasiko da.

Egun berean Latin American Games Showcase aurkezpena prestatuko dute Devolver Digital eta Raw Fury indie argitaletxeek. Latinoamerikako estudioek sortutako 70 bideojoko baino gehiago bilduko dituzte 19:00etatik aurrera. Hau bukatu bezain laster Women-Led Games Summer Game Fest hasiko da: 20:30ean emakumezko sortzaileek eratutako lanak nabarmenduko dituzte.

Bukatzeko, PC Gaming Show beteranoaz gozatu ahalko dugu ekainaren 9an. 10. urteurrena beteko dutenez, zerbait berezia espero dezakegu PC Gaming agerkariak antolatutako aurkezpenean. Ordenagailuko jokoetan ardaztuko dira, beti bezala, baina plataforma guztientzako ezustekoak bilduko dituzte 22:00etatik aurrera.

Egitasmook, nola ez, Summer Game Fest egitasmoaren aterpean batu dira. Geoff Keighley kazetariaren ekimenak indarra hartzen jarraitzen du; izan ere, aurten 55 partaide zehaztu dituzte. PlayStation, Xbox, Steam, Bandai Namco, Electronic Arts, Capcom, Sega edo Riot Games bezalako erraldoiak dira nagusi, baina oraindik industriako beste hainbat enpresa handi gehitzea aurreikusten da.

 

Aurkezpen gehiago

Aipatutakoez gain, dagoeneko baieztatuta dauden ekimenak gogoratu beharra dago: Summer Game Fest bera, Future Games Show Summer Showcase eta Ubisoft Forward ikusi ahalko ditugu.

Hemen dituzue oraingoz iragarritako aurkezpenen datak:

  • Guerrilla Colective: ekainaren 6an, 19:00etan
  • Summer Game Fest: ekainaren 7an, 22:00etan
  • Day of the Devs: ekainaren 7an, Summer Game Fest bukatzerakoan
  • Future Games Show Summer Showcase: ekainaren 8an
  • Wholesome Direct: ekainaren 8an, 18:00etan
  • Latin American Games Showcase: ekainaren 8an, 19:00etan
  • Women-Led Games Summer Game Fest: ekainaren 8an, 20:30ean
  • Xbox Games Showcase (+aurkezpen berezia): ekainaren 9an, 19:00etan
  • PC Gaming Show: ekainaren 9an, 22:00etan
  • Ubisoft Forward: ekainaren 10ean