Udako aurkezpen txikietako bideojokoen iragarpenik interesgarrienak errepasatu ditugu.

Zuzenekoak jarraitzeko egunak ditugu ekain erdialdekoak, urtero bezala. Xbox Games Showcase, Summer Game Fest, Devolver Direct eta bestelakoak ikusi ditugu egunotan, baina PC Gaming Show, Wholesome Direct edo Future Games Show aurkezpen txikiagoak ere eman dira.

Txikiagoak diogu, baina hauetan ere bideojoko kopuru izugarria iragarri da. PC Gamer-en aurkezpenean adibidez, 55 titulu egon ziren; 70 bat Wholesome Directean. Denetariko lanak, gainera: batzuk handiak, besteak txikiak, baina guztiak interesgarriak. Askorik luzatu gabe, onena beste zuzeneko hauetan ikusitako lanik esanguratsuenak ezagutzen hastea da gure aldetik.

 

PC Gaming Show (aurkezpen osoa)

Baldur’s Gate 3

Hirugarren jokoan bisitatuko dugun Baldur’s Gate hiria erakusteko aprobetxatu dute Larian Studios-eko arduradunek, baita animazio bideo laburra zabaltzeko ere. Baldur’s Gate 3ren hainbat bideo ikusi baditugu ere, aurkeztutako hiriak sekulako itxura daukala esan beharra dago. Garatzaileak honi bizia emateko erronkei buruz hitz egin dute.

Sarbide goiztiarrean darama 2020tik, baina behin betiko bertsioa laster ikusiko dugu: abuztuaren 31n estreinatuko da.

 

Last Train Home

Biziraupena eta estrategia benetan gertatutako jazoerarekin batuko ditu Ashborne Games garatzen ari den Last Train Home ikusgarriak. Iragarpen trailerrean zinematika izugarria jokagarritasun eszenekin batu dituzte: Commandos edo Shadows Tactics bezalako jokoak kudeaketa mekanikekin bilduko ditu.

Nahiz eta sekulako itxura duen, oraindik ez dauka argitaratze datarik.

 

Vampire Survivors

Poncle eta bere taldea Vampire Survivors arrakastatsuaren eguneraketa berria ezagutzera emateko bildu ziren PC Gamer-ekoen aurkezpenean. Ausazkotasuna izango da nagusi 1.5 adabakian: maila zoroenak sortu ahal izateko erremintak eskainiko dizkigute.

Gaur bertan argitaratuko dute eguneratzea Vampire Survivors joka daitekeen plataforma guztietan.

 

Nivalis

Ion Lands-ekoen cyberpunk estetikadun esplorazio abenturak itxura aparta erakutsi zuen. Hiri futuristan egunerokotasuna bizitzeari ekingo diogu: gure etxea txukuntzen, sukaldatzen edo arrantzan ibiliko gara, besteak beste. Gure negozioak aurrera eraman ditzakegu: jatetxea, taberna edo lora denda izan ditzakegu, adibidez.

Hala ere, hiriak bestelako sekretuak ere gordetzen ditu; gure esku egongo da hauek ezagutzea. 505 Games argitaletxeak datorren urtean kaleratuko du.

 

Path of Exile 2

Path of Exilen ezagunaren jarraipenak jokagarritasuna agerian jarri du azken bideoarekin. ARPG ikusgarri honetan ehundaka munstroren aurka ariko gara gure pertsonaia sortuta eta honen abileziak hautatuta nahiz hobetuta.

Laster Diablo IV-ren aurkari zuzenari buruzko berritasun gehiago jasoko ditugu, ordea; Grinding Gear Games-eko arduradunek uztailaren 28rako hitzordua jarri dute.

 

Lords of the Fallen

PC Gaming Showean nahiz Future Games Showean ikusi dugu Lords of the Fallen ikaragarria. Bietan jokagarritasun irudiak prestatu dituzte Hexworks-ekoek: Soulsborne generoaren bidea jarraituko duen akziozko titulu gogorra izango da.

Urriaren 13an merkaturatuko dute, ordenagailuetan zein Xbox Series eta PlayStation 5 kontsoletan.

 

Wholesome Direct (aurkezpen osoa)

Mineko’s Night Market

Minijokoak, kudeaketa lanak eta herrixka antolatzea dira Mineko’s Night Market koloretsuak proposatuko dizkigunak. Mewoza Games-ekoen jokoa Wholesom Directean ikus daitezkeen obren adierazgarri ezin hobea da.

Irailaren 26an merkaturatuko dute plataforma nagusi guztietan.

 

Baladins

Seed by Seed talde frantseraren zaleak gara: ez da gutxiagorako, aurreko jokoa, Anize Amestoy euskaldunak lokalizatutako Pile Up! Box by box gure gogokoenen artean dago. Baladinsekin generoz aldatuko dute, oraingoan party joko erako lana eratzeko. Amestoyk berriz errepikatuko du musikagile lanetan, baina momentuz ez dute euskaratzeko asmorik agertu.

Datorren urtean estreinatuko da, oraingoz PCrako.

 

Story of Seasons: A Wonderful Life

Harvest Moon mitikoaren oinordekoak titulu berria jasoko du. Story of Seasons: A Wonderful Lifen nekazaritza lanak burutzen ibiliko gara, noski, baina baita harremanak sortzen eta familiak eratzen ere. Garatzaileek pertsonaiak sortzeko editorea aurkeztu digute oraingoan, oinarrizko mekanikekin batera.

Marvelous-ekoen abentura atsegina hilabete honetan jokatuko dugu: ekainaren 27an argitaratuko da plataforma nagusietan.

 

The Future Games Show (aurkezpen osoa)

Layers of Fear

Anshar Studios eta Bloober Team euren beldurrezko jokoen hirugarren atala berriz erakusteko elkartu ziren. Layers of Fear-en beldur psikologikoa izango da ardatza, baina baita esplorazioa eta ikerketak ere.

Kaleratze trailerra izan da Future Games Showkoa; izan ere, egun gutxi batzuk falta dira estreinaldirako. Ekainaren 15ean argitaratuko dute PS5, Xbox Series eta PC gailuetan.

 

Steamworld Build

Thunderful Development-ekoek orain gutxi iragarritako Steamworld Build interesgarria beste behin azaldu da. Kudeaketa eta estrategia dira jokoaren oinarri nagusiak; hori horrela, Steamworld frankiziaren aurreko tituluetan ikusitako generoengandik zeharo aldenduko dira.

Aurten estreinatuko dute, baina ordenagailuen kasuan doako demoan aritzeko aukera dago.

 

Laika: Aged Through Blood

Brainwash Gang-eko espainiarren obra berria zoramen hutsa da. Izaki antropomorfikoz betetako munduan Laika izeneko koiotea kontrolatuko dugu mendekuz betetako istorioa bizitzeko. Esplorazioa, borrokak eta saltoak izango dira nagusi metroidvania honetan… baina motor gainean ariko gara uneoro. Motorvania-ren aurrean gaude, beraz.

Kontraerasoak eginez, tirokatzen eta baliabideak biltzen ibiliko gara. Ez dakigu noiz estreinatuko den; behintzat, plataforma nagusi guztietan jokatu ahalko dugula jakin dugu.