Microsoften plataforma digitalaren beta bertsioak FTL: Faster Than Lighten edota State of Decay 2n modak erabiltzea ahalbidetzen du.

Microsoftek aspaldi agindu zuen PCrako duen Xbox Storean modak ikusiko genituela. Promesa bete egin dute, eta plataformaren azken beta bertsioan bideojoko batzuen modentzako euskarria gehitzen hasi direla ikus daiteke.

Microsoftek ez du dagoeneko moden euskarria jaso duten jokoen zerrenda osoa argitaratu. Halere, zaleen arabera Dirt Rally 2.0, FTL: Faster Than Light, Into the Breach, State of Decay 2: Juggernaut Edition, MudRunner eta Riverbond dira, besteak beste, modak erabiltzeko aukera jaso duten bideojokoak.

Jaitsitako modifikazioak instalatu ahal izateko, beta bertsioa ireki eta modak erabili nahi ditugun bideojokoan Enable Mods aukera aktibatu beharko da. Behin aktibatuta, bideojokoaren modifikazioak gehitu beharko diren moden karpeta irekiko da.

Mod horiek norbere kabuz aurkitu eta deskargatu beharko dira; oraingoz Xbox Storeak ez du modak igo eta plataforman eskuragarri jartzeko aukerarik ematen, Steam Workshopak egiten duen bezala. Hortaz erabiltzaileek Nexusmods edo ModDB bezalako webguneak erabili beharko dituzte modak eskuratzeko.