PS5, Switch 2 eta Xbox Series bertsioak PCko estreinaldi arrakastatsuaren ondoren iritsiko dira. Esplorazioa eta mendizaletasuna ardatz dituen indie lana da.
Team PEAK estudioak nahiz Aggro Crab argitaletxeak Peak kontsoletara eramateko asmoa agertu dute. Ostegun honetan kaleratuko da abentura kooperatibo ezaguna.
Zehazki, PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series gailuetan ikusiko dugu. Orain arteko eduki gehigarri guztiekin iritsiko da kontsoletara, eta, gainera, plataforma arteko jokoa (crossplay) baieztatu dute egileek —PCra ere iritsiko den aukera—. Digitalean estreinatuko da oraingoz, baina abenduaren 9an PS5erako edizio fisikoak plazaratuko dituztela baieztatzeko aprobetxatu dira argitalpen trailerraz.
Joan den urtean ordenagailuetan ezagutu genuen Peak, sekulako arrakasta eskuratuta. Esploratzaile gazteak izango gara, irla misteriotsuaren erdian aurkitzen den mendi gailurrera igotzeko helburuarekin. Noski, ez da horren erraza izango, bidean askotariko oztopoekin topo egingo baitugu… sarritan arriskurik handienak gu geu edo gure adiskideak izan arren.
Egunero aldatzen doan irlan bizirik irauteko bidea elkarlana da. Bioma desberdinetan zehar baliabideak eta janaria biltzen, erronka hilgarriak gainditzen, eta bata besteari laguntzen ariko gara. Gure lorpenen arabera, esploratzaileentzako medailak jasoko ditugu.
Pertsonaia koloretsuak pertsonalizatzeko aukera mordoa, hurbiltasunaren araberako txat sistema nahiz lau jokalarirentzako edo bakarka aritzeko erronka dibertigarriak dira, beraz, Peaken zutabe nagusiak. Steam bertsioak balorazio ikaragarriak batzen ditu, lagunekin gozatzeko proposamen aparta izanik.
Ostegunean, urriaren 22an, helduko da Peak PS5, Switch 2 eta Xbox Series kontsoletara.
Lander Unzueta
Iruzkinak