“Ordainpeko ausazko objektuak” izenpean, hamasei urtetik gorakoentzat gomendatutako jokoak izango dira oraindik aurrera.

PEGI (Pan European Game Information) erakundeak aldaketak iragarri ditu ordainsari kutxak eta ausazko edukien erosketak biltzen dituzten jokoekin. Edukiak guztiz argitu gabe saltzen dituzten bideojoko digitalen adinkako sailkapenak gogortuko dira.

Aldaketok urrian zehar ikusiko ditugu, prentsa oharrean aditzera eman dutenagatik. “Ordainpeko ausazko objektuak” izendatuta, hamasei urtetik gorakoentzako jokoen sailkapenak izango dira. Horrela, orain arte PEGI 3, 7 edo 12 sailkapenak dituzten titulu digitalen araudia zaharberrituko da.

“Online jokoak denbora luzez eskaintzen eta eguneratzen dira. Epe luzean gure sailkapenak trinkotasunik gabekoak izatea ekiditeko hartu dugu erabaki hau”, dio Dirk Bosmans PEGIren zuzendariak. “Eguneratzearekin, joko zaharrek etorkizunean jokatuak izaten jarraitu arren, PEGIren egungo estandarrak islatuko dituzte”.

PEGIren ohiko bidetik sailkatutako jokoengan zein IARC (International Age Rating Coalition) sistemak bildutako tituluengan eragingo du: aldaketak azkarrak eta ugariak izango direnez, erakundetik edozein zalantza edo eskari bidaltzeko eskatu dute.

 

Ekainetik datozen zorrozketak

Mikroerosketak eta ausazko edukiak PEGIren jomuga dira aurten. Martxoan mikroerosketak edo sari kutxak dituzten bideojokoen adinkako irizpideak gogortzeko erabakia ezagutu genuen: ekainean sartu zen indarrean, bideojoko handiei eraginda.

Adibidez, aurtengo EA Sports FC 27 futbol jokoak PEGI 16 sailkapena jaso du lehen aldiz, bertan ageri diren ausazko ordainpeko edukien ondorioz; esaterako, FC puntuak eta karta bildumak aipatzen dira erakundearen webgunean.

Game Erauntsian gurasoei eta hezitzaileei zuzendutako gida osatu genuen: bertan landutako gai nagusietako bat da, hain zuzen, PEGI edo bestelako adinkako sailkapenena.