Zulagailuak, jauziak eta akzio frenetikoa agintzen ditu. Ahr Ech garatzaileak eta Devolver Digital argitaletxeak apirilean kaleratu zuten PC zein Switch plataformetan.
Pepper Grinderrekin ehundaka jokalari maitemindu ostean, plataforma gehiagotara iritsiko dela iragarri dute egileek. PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One gailuetan estreinatuko da abuztuaren 6an.
Ez baduzue ezagutzen, plataforma joko tradizionalen mekanikak jokagarritasun elementu dinamikoekin batzen ikusiko ditugu Ahr Ech sortzailearen obran: zulaketak, esplorazioa, jauziak eta borrokak elkartzen dituen indie abentura koloretsua da Pepper Grinder.
Mekanika nagusia zulagailuari lotutakoa da: lurzoru batzuetan murgiltzeko aukera eskainiko digu, hauek ziztu bizian zeharkatuz, eta, kanporatzean, salto erraldoiak ahalbidetuz.
Une ero gehiago proposatuko dizkigu, hori bai: armak erabiliko nahiz robot erraldoiak gidatuko ditugu, beste hainbat zorakeriren artean. Pixel art estetika zoragarriarekin batera, 16 bit-en garaiko titulua gogorarazi ditzake, are akzio frenetikoagoa eta dinamikoagoa proposatuz.
Pepper Grinder ordenagailuetan eta Switchean estreinatu zen apirilean, balorazio bikainak eskuratuta: adibidez, Steam-eko erosleen artean iritzi positiboak dira nagusi.
PlayStationeko eta Xboxeko jokalariek, beraz, abuztuaren 6tik aurrera ekingo diete Pepper Grinderren abenturei. Bukatzeko, PlayStation 5 eta Switch plataformek edizio fisiko berezia jasoko dute: urrian merkaturatuko dutela diote Devolverkoek.
Iruzkinak