Birmasterizatuta eta moldatuta itzuliko dira Atlus-ekoen JRPG maitatuak. Persona 5 Royal urriaren 21ean kaleratuko dute.

Atlusek eta Sega-k ekainean agindu zuten bezala, Persona sagako hainbat joko PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletara zein ordenagailuetara iritsiko dira. Orain, falta ziren bi jokoen argitalpen datak zehaztu dituzte: urtarrilaren 19an merkaturatuko dituzte zahaberritutako Persona 3 Portable eta Persona 4 Golden.

Nola ez, hainbat hobekuntza teknikorekin iritsiko dira bi jokoak: 4K-ko bereizmenean funtzionatuko dute, segundoko 60 irudiko tasak lortuta. Hori jakinda, goazen tituluok ezagutzera.

Persona 3 2006. urtean PlayStation 2 kontsolan kaleratutako JRPG abentura da. Datorren urte hasieran jasoko duguna, baina, 2009an PSP-rako kaleratutako Portable bertsioa izango da. Aldaketa esanguratsuak prestatu zituzten kontsola eramangarrirako: hasteko, 3D inguruneak alboratu, eta nobela bisual antzeko mekanikak eratu ziren. Borroketan taldeko kide guztiak kontrolatzeko aukera gehitu zuten; obra originalean hauei agindu orokorrak bakarrik eman ahal zitzaizkien. Bukatzeko, joko hasieran protagonista emakumezkoa izateko aukera gaineratu zuten.

Persona 4 Golden, berriz, 2012an PS Vita eramangarrian estreinatutako birmasterizazioa da. PS2ko jatorrizko bideojokoari pertsonaia zein misio gehiago eta askotariko berrikuntzak gehitu zizkion. P4G 2020an Steam plataforman kaleratu zuten; urtarrilean, hortaz, egungo kontsolek jasoko dute laugarren atala aipatutako berrikuntzekin.

P3 eta P4 aipatuta, ezin gara ahaztu sagako atalik berrienaz. Izan ere, Persona 5 urriaren 21ean argitaratuko da PC-an, PlayStation 5-ean, Switchean zein Xbox One eta Xbox Series kontsoletan. Royal bertsioa izango da, gainera: Persona 4 Goldenen antzeko ibilbidea jarraitzen du, pertsonaiak, misioak, etsaiak eta sekretuak gehituta.

Kasu honetan, Royal bertsioa dagoeneko PlayStation 4an joka daiteke; PlayStation 5ean joka nahi dutenek, baina, berriz erosi beharko dute bideojokoa. Izan ere, Atlusekoek zehaztu dutenez, ezingo da PS4tik PS5era eguneratu.

Bideojoko hauek guztiak Persona sagaren 25. urteurrenaren aterpean argitaratuko dira.