S.E.E.S. ikasle taldea Tartaroan barneratuko da JRPG mitikoaren itzuleran. 2024ko otsailaren 2an kaleratuko dute.

Ekainean iragarritako Persona 3 Reloaden bigarren trailera argitaratu du Atlus garatzaile japoniarrak. Istorioaren lehen zertzeladak eskaintzeaz gain, berregiteak ekarriko dituen aldaketak ezagutzera emateko aprobetxatu dute japoniarrek.

Atal grafikoaren eraberritzea ezaguna genuen, noski. PlayStation 2 kontsolan 2003. urtean estreinatutako jatorrizko jokoan ibili zirenek —baita PSP eramangarriko eta aurten egungo plataformetan kaleratutako P3 Portable bertsioan ere— nabariko dituzten berritasunak, ordea, jokagarritasunean eta istorioan ikusiko ditugu.

PSPko bertsioan gertatu modura, gure taldeko pertsonaia guztiak kontrolatzeko aukera edukiko dugu orain; izan ere, joko originalean hauei agindu orokorrak baino ezin genizkien eman. Horrela, Persona modernoetako borroka sistemara hurbilduko da.

Etsaien ahulguneei eragiten dien erasoak jaurtitzerakoan mugimendu estra jasotzea ohikoa da; oraingoan, gainera, P5-en ikusitako Baton Pass sistema itzuliko da, Shift izenarekin. Mugimendu gehigarri hori beste taldekide batekin egin dezakegu, bidean horren indarra areagotuz.

Interfazea zaharberrituko dute: estiloz betetako diseinua edukitzeaz gain aukerak botoi bakarrarekin hautatzea ahalbidetuko digute, P5en egin bezala. Animazioek eta bestelakoek ere eraberritu dituzte, eta bidean erasoak zein magiak gaineratu. Adibidez, magia argiak zein ilunak gehitu dituzte oraingoan.

Eguneko ordu ilunean —gizaki bereziek soilik bizi dezaketen ordua— zeharkatuko dugun Tartaro ziegak diseinu aldaketak jasango ditu, eta eskerrak. Jazoera desberdinak eman daitezke hau esploratzen gabiltzala, eta objektuak nahiz altxor kutxak aurkituko ditugu bertatik, originalaren errepikakortasuna apurtzeko helburuarekin.

Harreman sozial gehiago ikusiko ditugu, gainera. Persona sagaren ardatzetako bat izanik, hauetan sakontzea erabaki dute Atlusekoek: pertsonaia batzuekin harremantzeko bide berriak egongo dira, berezko istorioekin.

Bukatzeko, protagonista taldea jantzi berriekin murgilduko da ordu ilunean: eskolako uniformeen gainetik jantziko dituzten armadura moduko ekipamendua erabiliko dute remake-an.

Gaur egungo Persona jokoen lehen atala izan zen hirugarrena. JRPG honetan txandakako borrokak biziko ditugu, baina adiskideekin sortutako harremanek eta eguneroko bizitzak ere berebiziko pisua daukate. Horrela, gure helburuen artean eskolara joatea, azterketak gainditzea edo lanaldi murriztuko ogibideetan parte hartzea egongo dira.

Persona 3 Reload PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz PC-an estreinatuko dute Atlusek zein Sega-k. Xbox eta PC Game Pass harpidetza bidez eskuratu ahalko dugu, gainera.

Datorren urtera arte itxaron beharko dugu jokatzeko: otsailaren 2an merkaturatuko dute.