JRPGen azpisagako laugarren atala berregiten ari da Atlus. Ez dugu kaleratze datarik jaso.

Persona 4 Revival ofizialki aurkeztu dute Atlus eta Sega talde japoniarrek. Inaba herriko ikertzaile taldearen abentura berregingo du.

Xbox Game Showcase aurkezpenean aurrerapen txikia eskaini digute egileek. Saltokien kalea eta santutegia ikus daitezke bideoan, baita gure protagonista ere. Ez dute azalpen gehiagorik eskaini, baina, argi dagoenez, garapenak luzerako joko du oraindik: ez dugu beste pertsonaiarik, hizketaldirik edo telebista barruko munduko borrokarik ikusi.

Aspalditik entzun izan ditugu P4ren berregiteari lotutako zurrumurruak; are gehiago, azken egunotan originalaren bikoizlari estatubatuarren adierazpenak zabaldu dira sare sozialetatik, berregitean parte hartu gabe geratuko direla azalduz. Hori dela-eta, Atlusekoek iragarpena aurreratzea erabaki ote duten aipatu dute zale askok.

Persona 3 Reload berregitearekin hartutako bide berbera jarraitzen badute, eguneratutako grafikoak, mekanika berriak zein bizitza kalitateko aldaketak, eduki desberdinak eta beste hainbat berritasun gehituko dizkiote 2008. urtean PlayStation 2 kontsolan argitaratutako bideojokoari. Ostean, P4 Golden jaso genuen PS Vita eramangarrirako, askotariko hobekuntzekin; bertsio bera da ostean gaur egungo plataformetara eraman dutena.

Argitaratze datarik gabe, Persona 4 Revival Xbox Series eta PlayStation 5 kontsoletan zein PCan kaleratuko da etorkizunean.