Ikasleen JRPG abenturen seigarren atala PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan jokatuko da. Ez du argitaratze datarik.
Atlusek Persona 6 aurkeztu du Xbox Game Showcase emanaldiaren aterpean.
Azken egunotan sarean zabaldutako zurrumurruak egiazkoak izan dira. Aurrerapen trailer motzean lehen logoa, jokoan nagusituko den kolore berdea eta girotzeari buruzko xehetasun txikiak eskaini dituzte.
Beldurrezko istorioak zutabeetako bat izango direla pentsa daiteke: hilerria eta madarikatutako basoa ageri dira bideoan. Horrela, Persona 5en lehen iragarpen bideoarekin antzekotasun handiak ageri dira: kasu hartan, kolore gorria eta presoak edo giltzapetutakoak ikus genitzakeen.
Tamalez, inolako jokagarritasun bideorik edo azalpenik gabe utzi digute. Zurrumurruetara itzulita, filtrazioetan protagonisten lehen diseinuak eta datu gutxi batzuk ikusi ditugu: adibidez, oraingo honetan jokoa Yokohama hirian girotuko dela entzun dugu.
Plataformak bai zehaztu dituzte Sega-tik: PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da Persona 6. Kaleratze data aipatu gabe geratu da.
Lander Unzueta
Iruzkinak