S-GAME talde txinatarrak aurten zehaztuko du kaleratze data. PlayStation 5ean eta PCan jokatu ahalko dugu.
Kungfupunk unibertsoan barneratuko den Phantom Blade Zero itxurosoak jokagarritasun trailer berria jaso du, sugearen urte txinatarra ospatzeko asmoarekin. Ohi bezala, buruzagien aurka jarri gara bideoan, borroka luze bezain odoltsua ikusteko.
Soulsborne jokoen pausoak jarraitzen dituela badirudi ere —edo Sekiro-renak, agian—, Devil May Cry edo Ninja Gaiden bezalako hack and slash tituluetan ikusitako akzio ikusgarria eskaini gura digu S-GAME estudioak. Erabiltzeko izango dugun arma berria ezagutuko dugu, gainera: suge ezpata malgua.
Horrela, saihestez, jauziz eta kontraerasoz betetako duelu akrobatikoa agertzen da monje txinatar —zonbien?— taldearen aurka. Exekuzioak, eraso bereziak eta bestelako abileziak ageri dira borrokan, dena ziztu bizian gertatzen doala: argi dago ez dela joko patxadatsuak maite dituztenentzako obra.
Atal grafiko ikusgarriarekin etorriko da Phantom Blade Zero. Iazko Black Myth: Wukong arrakastatsuak egin bezala, Unreal Engine 5 garapen motoreaz baliatuko dira garatzaileak xehetasunez eta kalitatez gainezka egiten duen mundu aberatsa sortzeko. Arestian kungfupunk terminoa erabili dugu, eta ez da guk asmatutakoa: egileen arabera, “kungfu txinatarra, steampunk itxuradun makinak, magia nahiz kategoria hauetatik at geratzen diren elementu misteriotsuak” uztartzen ditu bideojokoak.
Soul izeneko asasinoa izango da gure protagonista. Ia heriotza aurkitu ostean, 66 egun edukiko ditu The Order erakundearen burua hiltzeaz arduratu dena aurkitzeko. Erdi irekitako mundua zeharkatuko dugula diote arduradunek: eskuz sortutako mapa handiarekin topo egingo dugu.
Aspalditik prestatzen dabiltzan istorio handiaren atal berria izango da Phantom Blade Zero. 2010ean S-GAME taldearen Liang zuzendariak kaleratutako Rainblood: Town of Death deitutako RPGaren unibertso berean kokatzen da joko berria; ez hori bakarrik, Phantom Blade: Executioners izeneko 2D ARPG abentura ere argitaratu dute PS5, PC zein Android eta iOS gailuetan, beat ‘em up zantzuekin.
Phantom Blade Zeroren argitaratze datari dagokionez, ezezaguna dugu oraindik. Halere, 2025ean iragarriko dutela adierazi dute arduradunek gaurko bideoan. PlayStation 5 zein PC plataformetan merkaturatzeko asmoa daukate.
Iruzkinak