Aldaketak ordu gutxi batzuko epean aditzera eman ditu Hideo Kojima zuzendariak. Aldez aurretik OD garatzeko akordioa sinatu zuen Xboxekin.

Physint, Metal Gear Solid sagaren oinordekoa, desagertzeko arriskuan egon da… eta salbatu egin da. PlayStationek Kojima Productionsekin elkarlanean aritzeari uko egin diola iragarri du gaur goizaldean. Minutu gutxi batzuetara, Xboxekin akordioa aditzera eman dute Hideo Kojima zuzendariak eta Asha Sharma Microsoft Gaming-eko arduradun nagusiak.

“Hideo Kojimak gizarte arauei erronka jotzen eta bideojokoak izan daitezkeena hedatzen eman du bere ibilbidea”, diote Xboxekoek. “Gaur, Kojima Productionsek bere hurrengo kapitulua iragarri du Xboxekin elkartuz”.

 

Abisurik gabe

Gogoratzearren, oraindik ezer gutxi ikusi badugu ere, Physintek akzioa eta espioitza batuko omen ditu. Solid Snake gogora ekartzen duen protagonistarekin, xehetasunak oraindik ezagutzeke daude. 2024an iragarri zuen proiektua Kojimak, Sony Interactive Entertainment-ekin lankidetza adostuta.

Akordioa, Kojimaren arabera, ustekabean hautsi da. Sare sozialetan aipatu duenagatik, “aurtengo ekain erdira aldera, PlayStation Studiosetik Physint bertan behera uzteko mezua” jaso zuen estudioak. “Hiru hilabetez” babesle berria bilatzeari ekin diote, azkenik Xboxekin batzeko.

Ez da Xboxekin batzen den lehen aldia, dena den: OD beldurrezko bideojokoa prestatzeko ere batera dabiltza. Akordioa haratago joango dela diote, zinemarako eta telebistarako elkarlanean arituko baitira “istorio berriak publiko zabalagoari eskaintzeko”.