Jatorriz Wii U-rako iragarria, Switch-erako prestatzen ari dira japoniarrak. Pikmin Bloom gogora ekartzeko aprobetxatu dute.

Nintendok Pikmin 4 iragarri du azken Direct aurkezpenean: Shigeru Miyamoto sortzaile beteranoak eman zuen berria. Nintendo Switch kontsolarako prestatzen ari dira, eta 2023an kaleratzea aurreikusten dute.

Xehetasun urriak eskainita egin dute iragarpena. Landare erraldoiz jositako paisaia ikusi dugu erakutsitako trailer motzean; bertan agertzen dira sagako ohiko etsaiak. Horrez gain, irudi bakarra erakutsi zuten atzoko zuzenekoan.

Hortaz, jokagarritasun bideorik zein mekanikak ezagutzera ematen dituen azalpenik gabe geratu dira zaleak. Atzokoa ikusita, oraindik garapen prozesu luzean murgilduta daudela suposa daiteke.

Zorionez, proiektua berpiztu egin dutela dirudi; izan ere, 2015ean Wii Urako Pikmin 4 “ia amaituta” zegoela adierazi zuen Miyamotok. Ordutik hona ez dugu bideojokoaren berririk izan, eta, Pikmin 3 Deluxe bertsio eraberritua kenduta, ez da beste atalik estreinatu.

Pikmin 4 ez zen atzo sagaren izenpean erakutsitako obra bakarra izan. Laugarren atala erakutsi baino lehen Miyamotok gailu mugikorretara zuzendutako Pikmin Bloomi buruzko berritasun gehiago eskaini zituen: Niantic-ekin batera garatutako jokoak Pokémon GO ezagunaren antzeko mekanikak biltzen ditu. Iaztik joka daiteke Android eta iOS gailuetan.

Pikmin 4 Nintendo Switch kontsolan estreinatuko da datorren urtean.