Pikmin 4-k istorioa eta pertsonaien sormen tresnak erakutsi ditu azken bideoan

Lander Unzueta | 2023/06/07 10:00 Berriak



Puzzle eta esplorazio abentura ederra Nintendo Switch-ean kaleratuko da datorren uztailaren 21ean.

Nintendoko arduradunek Switch kontsolako hurrengo bideojoko handiaren, Pikmin 4ren, xehetasunak eskaini dituzte. Abenturak aurkeztuko digun narratiba ezagutzera eman, eta, bide batez, lehen aldiz gure pertsonaiak sortzeko erabiliko dugun editorea erakustera animatu dira trailer bereziarekin.

Lehen zein bigarren Pikmin tituluetako protagonista Olimar kapitaina bilatzea eta salbatzea izango da gure xede nagusia laugarren jokoan. Ez hori bakarrik, Olimar aurkitzera joan den lehen salbamendu taldeko kideen nondik norakoak ere ikertu beharko ditugu.

Sormen erremintei dagokienez, Mii sistemaren antzeko zerbait prestatu dute garatzaileek: pertsonaia nagusiaren gorputz forma hautatuta orrazkerak, begiak eta bestelakoak aldatu ahalko ditugu.

Pikmin 4k sagaren ohiko oinarriak nahiz mekanikak mantenduko ditu: mota anitzetako Pikmin izakiak biltzen joango gara —gorriak, urdinak, horiak, izotzezkoak…— mugatutako kokalekuetan hauen abilezia bereziei esker aurrera egiteko. Izan ere, sekulako indarra dute Pikmin txikiek; horrez gain, suari, urari zein bestelakoei aurre egiteko gai izango dira.

Oatchi izeneko txakur motako piztiaren laguntza ere jasoko dugu oraingoan. Honi esker are errazagoa izango da mundutik sakabanatutako altxor “preziatuak” bilatzea eta gure espazio ontzira eramatea.

Borrokak ere ikusiko ditugu, beti bezala: Pikminak jaurtita era guztietako munstroak garaitu beharko ditugu. Adimena ezinbestekoa izango da kasu hauetan, gure izakitxoetako batzuk aproposagoak izango baitira etsai mota zehatzen aurka.

Gutxi geratzen da Pikmin 4 azkenik Switchera iristeko: uztailaren 21ean merkaturatuko dute Nintendoren kontsola hibridoan.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

238
Kide

0
Jolasten

11
Online

Azken erantzunak

Ibai Aizpurua 2024ko mai. 29a, 21:10

Analisi ederra! Beti erosi eta jolasteko zerrendan izan dut. Hain laburra dela jakiteak puntuak irabazi ditu neretzat!
LEGO Builder's Journey

Beñat 2024ko mar. 26a, 20:15

Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egi…
Journey: bizitza, bidai [Analisia]

Ibai Aizpurua 2024ko mar. 14a, 11:18

Analisi ederra! Ea noiz hartzen dudan denbora joko honetan jolasteko. Oso Amanita zalea naiz!
Creaks