PCra iritsiko da lehenik; PS4, Xbox One eta Switcherako bertsioak udan argitaratzea aurreikusten du Seed by Seed estudioak.

Familia guztiari zuzendutako hiru dimentsioko plataforma jokoa bukatutzat eman du Seed by Seedek: martxoaren 18an merkaturatuko du Pile Up! Box by Box PCrako; abenduan Game Erauntsiak jakitera eman zuen bezala, abenturara euskara hutsean jokatu ahal izateko itzulpen lana egin du zortzi kidez osatutako lantaldeak.

Kartoi piezekin eratutako mundu koloretsuan zehar ibiliko dira jokalariak Pile Upen. Aurrera egiteko saltoka aritzea ezinbestekoa izango da, baina baita burua erabilita puzzle txikiak gainditzea ere. Lau lagunek elkarrekin jokatu ahalko dute abentura are dibertigarriagoa egiteko; izan ere, elkarlana izango da bideo-joko honen ardatza sormen ahalmenarekin batera.

Atal kooperatiboak berebiziko garrantzia duen arren, lagunen arteko desafioek ere bere tokia edukiko dute Boxball, Pile of Dunk edota Tic Pile Toe minijokoekin. Elkarlana zein erronkak sustatzeko tokiko multijokalaria prestatu dute soilik garatzaileek; halere, nabarmendu dutenez Steam Remote Play ezaugarriarekin jokatzea ahalbidetuko dute.

Elkarrekin gozatzeko abentura

“Eguzki izpiek ederturiko irlak, anbar-koloreko basoak eta kobazulo magikoak” zeharkatuko dira Angulemako indie estudioak garatutako abenturan. “Elkarbanatutako gosariekiko, inguratzen ziguten landareekiko eta arreta handiz garatutako bideo-jokoekiko maitasunak batu gaitu”, azaldu dute. “Maitasun hori beste batzuekin partekatu nahi dugu, eta horregatik gure talentuak batzea erabaki dugu bideo-joko atsegin eta dibertigarriak sortzeko, jendeari maite duten horiekin jokatzeak sentiarazten diena gogorarazteko balio duten jokoak”.

Datorren astean Steam eta GOG saltoki digitaletan merkaturatuko da Pile Up!, baina arduradunak ez dituzte kontsoletako portak ahaztu. 2021eko udan PlayStation 4, Xbox One eta Switch kontsoletako bertsioak prest edukitzea aurreikusten dutela diote Seed by Seedekoek.