Wishfully Studios suediarraren lehen titulua Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan jokatu ahalko da.

Planet of Lana da, ziurrenik, 2023 indie abentura irrikatuenetakoa. Thunderful Publishing argitaletxeak puzzleen eta plataformen jokoaren argitaratze data zehaztu du azkenik: maiatzaren 23an kaleratuko dute Wishfully Studios taldearen lana.

Ikusi bezain laster argi geratzen den bezala, eskuz marraztutako titulu ederra da Planet of Lana. Izenburuari izena ematen dion neskaren rola hartuko dugu: Mui izeneko animaliatxoarekin batera ahizpa salbatzeko lanetan ariko gara. Horretarako, planeta polit bezain misteriotsua esploratu beharko dugu.

Limbo bezalako jokoak gogoarazten ditu Wishfullyren abenturak. Horrela, jokoak hainbat erronka proposatuko dizkigu: bi dimentsioko plataforma atalak gainditzen ibiliko gara —akzio eszena zirraragarriak agintzen dituzte arduradunek—, baina baita puzzleetan murgilduta, Muiren laguntzarekin batera.

Gure bidaian munstroekin eta makinekin topo egingo dugu; zorionez, laguntzeko prest dauden izakiak ere azalduko zaizkigu.

Aurretik Steam Next Fest bezalako ekimenetan probatzeko aukera izan dugu, eta, egia esan, sentipen onak eskaini dizkigu bideojokoak.

Xbox kontsoletan eta PCan jokatu ahalko dugu Planet of Lanan; ez hori bakarrik, Game Pass bidez ere kaleratuko da bideojokoa. Aitzakia gutxi, beraz, maiatzaren 23tik aurrera abentura honi ekiteko.