Jim Ryanek Sonyren kontsoletan crossplay ezaugarria erabiltzen duten bideo-jokoen kopuruak “gora” egingo duela adierazi du.

PlayStation kontsolen familiaren baitan multijokalari obra handiek soilik ahalbidetu izan dute plataforma arteko jokoa. Call of DutyRocket League eta Fortnite bezalako izen handiek beste gailuetako jokalariekin batera aritzeko aukera eskaintzen dute, baina PlayStationen asmoa etorkizunean zerrenda horretara are joko gehiago gehitzea da.

Sony Interactive Entertainmenteko zuzendari Jim Ryanek Axios agerkariari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, crossplaya erabiltzen duten jokoen kopuruak “gora” egingo du. Jokalarientzako albiste positibo honek PlayStationen jokabidean aldaketa argia bistaratzen du.

Orain gutxira arte Sonykoek uko egin diote plataforma arteko jokoari, zale zein garatzaileen eskaerei entzungor eginda. 2018ko azken hilabeteetan gehitu zuten ezaugarria, Xboxek eta Nintendok baino askoz beranduago.

Hori eginda, crossplaya gehitu nahi zuten estudioentzako akordioa ezagutzera eman zen joan den hilabetean Epic Games eta Apple enpresen arteko auzian: bertan zehazten zenez, PlayStationek plataforma arteko jokoarengatik kobratu egiten die garatzaileei.

Egile-eskubideen bidez egiten du hori. Jokoaren etekinen arabera kobratzen dute: produktua argitaratzen den plataforma guztietako hileroko diru sarrerak kalkulatu, eta kopuru hori hile horretan PS4an egondako jokalari kopuruarekin zatitzen du Sonyk. Emaitza %85ekoa baino txikiagoa bada, garatzaileek zati bat ordaintzen dute.

Hori horrela izanik ez da harritzekoa orain arte plataforma arteko jokoa enpresa handienei soilik mugatuta egon izana PlayStationen. Datozen hilabeteetan crossplaya ahalbidetuko duen beste jokoetako bat izango da Bungieren Destiny 2 arrakastatsua: abuztuaren 24an abiaraziko dute bai PlayStation kontsoletan zein beste gailuetan.