HDMI 2.1 erabiltzen duten pantailekin soilik funtzionatuko du, irudien tasa bideojokoenetakora moldatuz.

Hideaki Nishino Sony Interactive Entertainmenteko zuzendariordeak ezagutzera eman duenez, aste honetan eguneratze erritmo aldakorrarentzako euskarria —VRR, bere ingelesezko hizkiengatik— martxan jarriko dute PlayStation 5 kontsolarako.

Ezaugarri honen bitartez, irudia tarte erregularretan eguneratu beharrean —ohiko 60, 120 edo 144 Hz—, irudia PS5-aren GPU-ak erabiltzen duen irudi bakoitzeko berriztatzen da. Hortaz, bideojoko batek 40fps-tara funtzionatzen badu, irudia erritmo horretan eguneratuko litzateke gure pantailan.

Modu horretara “irudien jauziak edo tearing efektua bezalako akats bisualak gutxitzea edo ezabatzea” bilatzen dela nabarmentzen du Nishinok PlayStation Blog-ean. Hau da, horren ohikoak diren geldotzeek edo izozteek eragiten duten efektua saihestuko litzateke teknologia honekin. Aldi berean, jostagarritasun finagoa nabariko dugu, input lag gutxiagorekin eta irudi kalitate areagotuarekin.

Hainbat muga ditu, ordea: hasteko eta behin, HDMI 2.1 erabiltzen duten telebistetan eta monitoreetan soilik funtzionatzen du VRR-ak. Bigarrenez, ezaugarria modu aproposean erabiltzeko joko bakoitzak eguneraketa jaso beharko du. Hauek dira VRR-arekin funtzionatzeko adabakia jasoko dituzten tituluak:

  • Astro’s Playroom
  • Call of Duty: Vanguard
  • Call of Duty: Black Ops Cold War
  • Deathloop
  • Destiny 2
  • Devil May Cry 5 Special Edition
  • DIRT 5
  • Godfall
  • Marvel’s Spider-Man Remastered
  • Marvel’s Spider-Man: Miles Morales
  • Ratchet & Clank: Una Dimensión Aparte
  • Resident Evil Village
  • Tiny Tina’s Wonderlands
  • Tom Clancy’s Rainbow Six Siege
  • Tribes of Midgard

Dena den, teknologia hau printzipioz edozein bideojokorekin erabili ahalko dela nabarmendu beharra dago; are gehiago, kontsolaren pantailaren eta bideoaren aukeren artean euskarririk gabeko jokoetan erabiltzeko ezaugarria dagoela ikusiko dute erabiltzaileek. Aukera hau erabiltzeak hainbat akats eragin ditzakeela aurreratzen du Nishinok.