Quick Spectral Super Resolution teknologia PS5 Pro-etan aurki daitekeen PSSR-aren oinarrizko bertsioa da. Marvel’s Wolverine eta Ghost of Yōtei tituluekin estreinatu da.
Sony-k oinarrizko PlayStation 5 kontsolentzako eskalatze sistema berria aurkeztu du. Quick Spectral Super Resolution (QSSR) izenarekin, adimen artifizialaz baliatzen da, bereizmen txikiagoetatik abiatuta, irudi kalitatea mantenduz, jokoen errendimendua areagotzeko.
PlayStation 5 Pro indartsuagoa estreinatzearekin batera, PlayStation Spectral Super Resolution (PSSR) teknologia ekarri zuten, baina bertsio berrira mugatuta. Honen emaitzak ikusita, jokalariek eta garatzaileek oinarrizko PS5era antzeko irudi kalitate hobekuntzak ekartzeko aukera ote zegoen galdetu dutela diote arduradunek; orain arte, PSSRaren konputazio eskakizunek ezinezkoa egiten zutela azaldu dute.
AMDrekin elkarlanean garatutako AA grafikoen Amethyst proiektuari esker, ordea, QSSR prestatzea lortu dela aldarrikatzen da PlayStationetik. Bi hobekuntza nagusi garatu dituzte: “optimizatutako sare neuronalaren arkitektura”, eta “PS5eko errendimendua maximizatzen duen neurrira egindako inplementazioa”.
Marvel’s Wolverine eta Ghost of Yōtei bideojokoekin estreinatu dute sistema berria: bi tituluen atal grafikoen aukeretan aurki daiteke QSSR ezaugarria PS5 kontsoletan. Ezaugarria jasoko duten tituluen zerrenda ezezaguna da, baina laster are joko gehiagotan ikustea aurreikusten da. Digital Foundry bezalako agerkariak alderaketak eta azterketa teknikoak egiten hasiak dira, nola ez, emaitzak oso interesgarriak direla azpimarratuta.
AMD FSR 3 teknologiaren antzeko emaitzak lortzen direla diote, kontuan hartuta, orain arte PS5ak ez duela inolako kalitate handiko eskalatze sistemarik eduki. PS5 Proan PSSR erabiltzen jarraituko dute, baina egokitzapena azkarra eta erraza omen da: PSSR erabiltzen duten joko guztiak QSSR erabiltzeko gaurkotzea oso sinplea da garatzaileentzat, Sonytik diotenez.
Lander Unzueta
Iruzkinak