Azken finantza-txostenek bideo-jokoen belaunaldi berriak pandemia egoeran zer moduz egin duen ulertzeko balio dute.

Sonyk eta Microsoftek urte honetako lehen hiruhilekoaren txosten finantzarioak argitaratu dituzte. Bertan bi enpresen bideo-jokoen dibisioen hardware zein software atalek lortutako etekinak zehaztu dituzte.

Pasa den urte bukaeran PlayStation eta Xbox belaunaldi berrian murgildu ziren: PS5 eta Xbox Series X eta S merkaturatu zituzten koronabirusak eragindako pandemiaren erdian. Estreinaldia kontsolen urritasunak markatuta gauzatu zen: nazioarteko krisiak era guztietako sektoreetan izan du eragina, eta horixe gertatu da gailu hauen fabrikazio prozesuarekin baita: erdieroaleen eskasia 2022ra arte luzatuko da.

Sonyk eta Microsoftek ezin izan zioten erosleen eskariari aurre argitaratzerakoan, eta hainbat hilabete igarota ere saltokietan kontsola berriak aurkitzea ia ezinezkoa egiten zaie jokalariei.

 

7,8 milioi PlayStation 5

Krisia medio, bi enpresen salmenta eta diru sarrera zifrak oso positiboak izan dira halere. Sonyren finantza txostenean azaltzen den modura PlayStation 5aren lehen salmenta datuek aurreko kontsoletakoak soberan gainditu dituzte: bost hilabetetan 7,8 milioi PS5 saldu dituzte japoniarrek mundu osoan. Sonyk ez ditu zehaztu PS5 normalaren eta Digital Editionaren zifrak.

Epe berberan PS4ko datuekin alderatuz gero, aurreko kontsolak 7,6 milioi ale saldu zituela ikus daiteke. Halere, Japonian mendebaldean baino beranduago merkaturatu zela gogoratu beharra dago, PS5a mundu osora ia une berean iritsi den bitartean.

PS4aren salmenta zifrak ere eguneratu dituzte txostenean. 2013ko azaroan argitaratu zenetik 115,9 milioi kontsola saldu ditu Sonyk; azken hiruhilekoan milioi bat ale saltzea lortu dute horrela.

Azken zerga urte osoan PlayStationen zifrek gora egin dute. 2.656.300 milioi yeneko etekinak lortu ditu Sonyk bere bideo-jokoen dibisioarekin, 20.204 milioi euro zehazki. Hori horrela, aurreko zerga urtearen aldean %35eko areagotzea eduki du PlayStationek.

Gehikuntza hori batez ere bideo-jokoen salmenten igoeragatik gertatu dela zehaztu dute japoniarrek. Azken urtean 338,9 milioi bideo-joko saldu dituzte; aurreko urtean berriz, 276,1 milioi joko. Sonyk berak ekoiztutako jokoek zifra horren %17,2a suposatzen dute, 58,4 milioi obra saldu baitituzte.

Salmenten areagotze hau pandemiak zuzenean eragindakoa izango litzateke. Izan ere, bideo-joko digitalen salmenta kopuruak hazkunde nabarmena jasan du azken urtean: saldutako jokoen %65a digitala izan zen, 2019ko %53aren ondoan. Pasa den urteko apirileko eta aurtengo urtarrileko konfinamenduak ezartzerakoan ehuneko hori %70a gainditu zuen.

Ez hori bakarrik, Sonyren harpidetza zerbitzua ere hazi egin da azken urtean. PlayStation Plusek 47,6 milioi harpideduneko gehienezkoa eduki du, %14,7 batean areagotuta iazko zifren aldean.

Datorren urtera begira, japoniarrek salmentak are gehiago areagotzea aurreikusten dute PS5aren aleak gorantz egin ahala. Halere, orokorrean ikusitako berandutzeek hirugarrenen bideo-jokoen salmentak gutxitzea ekarriko duela aitortu dute; PlayStationen joko propioei dagokienez etekin handiagoak espero dituzte.

 

Xbox, %50a hazita

Microsoftek ere hazkunde nabarmena izan du bere finantza-txostenean ikus daitekeen bezala. Ohikoa denez Xboxekoek ez dituzte saldutako kontsolen zifrak zehaztu, baina halere diru sarrerak %50 batean hazi dira Redmondekoentzat azken hiruhilekoan. Hainbat analistek zehaztu dutenez bideo-jokoen dibisioak inoizko hiruhilekorik onena lortu du horrela: 2.92 bilioi eurotako diru sarrerak lortu ditu Xboxek.

Xbox Series Xren eta Sren merkaturatzeari 2021eko urtarriletik martxora hardwaren salmentak %232 batean areagotu dira, iazko epe berberarekin alderatuta. Harpidetza eta zerbitzuen kasuan, diru sarrerak %34ean hazi dira azken hilabeteetan.

Orokorrean, zifren hazkundea “hirugarrenen jokoen, Xbox Game Passeko harpidetzen eta Xboxen joko propioei esker” eman dela nabarmendu dute arduradunek. Xboxekoek ez dituzte eguneratu Game Passeko harpidedunen zifrak (aurreko hiruhilekoan 18 milioi harpidedun zenbatu zituzten), baina Windows Centralen arabera egun 23 milioi harpidedun inguru izango zituen zerbitzuak.

Zifra onak bai, baina kontsola berrien urritasunak bere horretan jarraituko du: Microsoftekoen arabera ekainera arte arazoak egongo dira saltokietan Xbox Seriesak ikusteko.