Aldaketak iragarri dituzte: PSNko kontua lotuz gero, hainbat ordainsari eskainiko dira joko desberdinetan.

PlayStationek PCko bideojokoetarako baldintzak aldatu ditu. PlayStation Network plataformako erabiltzailea edukitzea ez da beharrezkoa izango oraindik aurrera, hautazkoa izatera igarota.

Gaur kaleratzen duten Marvel’s Spider-Man 2 izango da baldintza eraberrituak estreinatzen dituen lehena, baina aurretik argitaratutako God of War Ragnarök edo Horizon Zero Dawn Remastered tituluetan ere kenduko dute PSNko kontuaren ezaugarria.

Kritika larriak jaso zituen Sonyk iaz Ghost of Tsushima-n PSN erabiltzailea derrigortzen hasi zirenean: multijokalariarekin bakarrik izan zen, kasu honetan, baina osteko GoW Ragnarök, Horizon Forbidden West zein Zero Dawn Remastered edo Until Dawn jokoetan nahitaezkoa zen PlayStationeko kontua lotzea, orain arte behintzat.

Sonyren asmoa jokalariei buruzko datuak eta informazioa partekatzea dela salatzen zuten erabiltzaile askok, hautazkoa izan beharko litzatekeen baldintza erabiltzaile “guztiei” ezarriz. Atzean beste arazo bat zegoen, baina: PSN plataforma ez dago erabilgarri nazioarteko herrialde askotan, eta, horregatik, euren PCko jokoak horietan saltzeari utzi zioten PlayStationetik.

Behin baldintza hautazkoa eginda, Sonytik ez dute aipatu kanpoan geratutako herrialde horietara euren jokoak eramateko asmorik, baina ulertzekoa da horrela egingo dutela: 120 bat herrialdetan ezin daiteke PSN erabiltzailea sortu.

Hautazko erabiltzailea bai, baina, zertarako? Ordenagailuan PSNko kontura lotuta jarraitzen dutenentzako ordainsariak iragarri dituzte PlayStationetik. Oraingoz lau jokorenak zehaztu dira:

  • Marvel’s Spider-Man 2: Spider-Man 2099 Black eta Miles Morales 2099 itxurak hasieratik desblokeatu.
  • God of War Ragnarök: Hartz beltzaren armadura osoa desblokeatu erresuma arteko lehen altxor kutxan, eta baliabideak jaso.
  • The Last of Us Part II Remastered: Ezaugarriak zein estrak desblokeatzeko +50 puntu jaso, baita Intergalactic: The Heretic Prophet jokoaren Jordan protagonistaren jaka Ellie-rentzat.
  • Horizon Zero Dawn Remastered: Nora Valiant jantzia eskuratu.

God of War Ragnarök eta Horizon Zero Dawn Remastered jokoen eguneratzea “laster” helduko dela diote; jarraituz, TLoU IIrenak jokoaren argitalpenarekin batera iritsiko dira, apirilaren 3an; bukatzeko, Spider-Man 2 gaur kaleratuko dute, esan bezala.