Hermen Hulst-ek martxoan zabaldutako zurrumurruak egia direla adierazi du enpresaren bilera orokorrean.

PlayStation Studios taldearen jokoek ofizialki agur esan diote ordenagailuei. Sony Interactive Entertainment-ek jokalari bakarrarentzako bideojokoak PCan kaleratzeari utziko dio.

Martxoan iritsi zitzaigun albistea Bloomberg agerkariko Jason Schreier-en eskutik. Kazetariarekin gertatu ohi den modura, berria egiazkoa zela dirudi, eta atzo halaxe baieztatu zuen Hermen Hulst Sony Interactive Entertaintmenteko Studio Business Group taldeko arduradun nagusiak enpresaren bilera orokorrean.

Hori horrela, oraintsu PlayStation 5ean merkaturatutako Ghost of Yōtei edo Saros zein Insomniac Games-ek irailean argitaratuko duen Marvel’s Wolverine PCan estreinatu gabe geratuko dira.

Scheierrek aurreratu modura, sarera bideratutako bideojoko multijokalariak ordenagailuetan ikusten jarraituko genuke: Marathon edo Marvel Tōkon: Fighting Souls aipatzen dira adibidetzat, Helldivers 2 bezalako zerbitzu erako tituluen aldeko apustuarekin jarraituz.

Bukatzeko, PlayStationek argitaletxe lanak eginda kaleratutako hirugarrenen bideojokoak ditugu; esaterako, Death Stranding 2: On the Beach edo 2026an plazaratuko duten Kena: Scars of Kosmora. Hauek ez direnez PlayStation Studiosen tituluak, PCan —zein beste plataformetan— kaleratuko ditu Sonyk.

Zergatiak zehaztu gabe jarraitzen dute Hulstek eta Sonyk, tamalez. Bloombergen irakurri genuenagatik, salmenta urriak eta kontsolaren marka kaltetzeko beldurra dira PlayStationen mugimenduaren erantzuleak; hala eta guztiz ere, etorkizunean berriz PCra itzultzeko aukera dagoela aipatzen du Schreierrek.

2020an ikusi genituen PlayStationen lehen joko handiak ordenagailuan. Horizon Zero Dawn-ekin hasi, eta azken urteotan God of War, Spider-Man, The Last of Us edo Uncharted argitaratu dituzte, beste hainbaten artean.

 

PlayStation Plus, garestituta

PCko jokalarientzako albisteekin batera, Sonyk PlayStation Plus harpidetzaren prezioak areagotzeko erabakia iragarri du. Zehazki, Essential oinarrizko mailarena.

Ez da igoera handia izango, baina nabaritzeko modukoa: hilabeteko harpidetzak 9,99 euro balioko ditu orain, euro bateko igoera jasota; hiru hilabetekoak, 27,99 euro, hiru euroko igoera, alegia.

Bihar, maiatzaren 20an, ezarriko dituzte prezio berriak: erabakia “egungo merkatuaren egoeragatik” hartutakoa dela diote, azken egunotan beste zenbait enpresek erabilitako arrazoia errepikatuta. Oraingo harpidedunek ez dute aldaketarik nabariko harpidetza bera aldatu arte.