Sony-ren hiru harpidetzak garestituko dituzte, ezer berririk eskaini gabe. “Harpidetzara kalitate handiko jokoak zein onurak ekartzen jarraitzeko aldaketa” dela diote.

PlayStation kontsolen erabiltzaileek aldaketa esanguratsuak ikusiko dituzte PS Plus harpidetza zerbitzuan irailaren 6tik aurrera. Sonykoek PS Blogean jakitera eman dutenez, harpidetzak garestitzea erabaki dute.

Hori horrela, gaur egungo PlayStation Plus Essential, PlayStation Plus Extra nahiz PlayStation Plus Premium mailek jasango dute prezioaren areagotzea. Hamabi hilabeteko harpidetzaren prezioak zehaztu dituzte. Essentialek 72€ balioko ditu (lehen 60€ ) ; Extrak, berriz, 126€ ( orain arte 100€ balio zituen bitartean); bukatzeko, Premium mailaren urtebeteko harpidetza 152€koa izango da (120€ lehen).

Egungo erabiltzaileek ez dute aldaketarik ikusiko harpidetza berriztatzeko unea iritsi arte. Irailaren 6tik hasita, baina, harpidetzan eskatutako edozein aldaketa prezio berriekin ikusiko dute.

Noski, aipatutako prezioak urtebeteko zerbitzuarenak dira; hilabeteko, hiru hilabeteko zein sei hilabeteko harpidetzak garestiagoak izango dira proportzioan.

Prezio igoera nabarmena bada ere, ez dugu berritasunik edo gehigarririk ikusiko harpidetzetan: orain arteko zerbitzu berberak eskainiko dituzte PlayStationekoek. Japoniarrek “Harpidetzara kalitate handiko jokoak zein onurak ekartzen jarraitzeko aldaketa” dela azpimarratu dute; noski, horrek ez du balio izan jokalarien komunitatearen haserrea baretzeko.

 

Sarean jokatzeko aukera bakarra

Izan ere, PS Plusek ez du balio soilik doako jokoak eta bestelako “opariak” eskuratzeko; aldi berean, PlayStation kontsoletako oinarrizko online zerbitzuak erabiltzeko bide bakarra da. Hau da, Plusik gabe ez dago online partidarik —doako jokoetan izan ezik—, ezta hodeian gordetako partidarik ere.

Iragarpena PS Pluseko iraileko bideojokoekin batera egin dute: Saints Row, Black Desert – Traveler Edition eta Generation Zero dira harpidedunek jasoko dituztenak hileon.

Esan bezala, PS Plus harpidetzen prezio igoera irailaren 6an emango da.