219,99 eurotan kaleratuko du Sony-k. PlayStation 5 kontsolatik erreproduzitutako jokoak urrutitik jokatzeko erabiliko da.

PlayStation Portalaren argitaratze data zehaztu dute Sonykoek: azaroaren 15a izango da urrutiko agintea estreinatuko den eguna.

Gaur egun indarra hartzen dabiltzan eskuko kontsolen edo ordenagailuen tankera duen arren, ez da bideojokoak bere kabuz abiatzeko gai izango. Horren ordez, etxeko PlayStation 5 kontsolaz baliatuko da tituluez Wi-Fi konektibitate bidez gozatzeko: ezinbestekoa izango da kontsola edukitzea urrutiko agintea erabiltzeko.

8 hazbeteko LCD pantaila eta DualSense aginteen ezaugarri eta itxura berberak dituen mandoa osatuko dute PS Portalek. Horrela, kolpekari moldakorrak eta ezaugarri haptikoak eskainiko dituzte, PS5eko agintearen funtzionaltasun bera mantenduz.

Nahiz eta Wi-Fi bidez funtzionatuko duen, irudi kalitate handia agintzen du Portalak. Zehazki, 1080p-ko bereizmenean eta 60 fps-tan erakutsiko ditu gure kontsolako irudiak.

PS5eko joko gehienez gozatu ahalko dugu modu horretara; normala den bezala, ahaztu PS VR2 errealitate birtualeko jokoez. Zoritxarrez, ezingo da PlayStation Plus Premium zerbitzuak eskaintzen dituen hodei bidezko jokoekin erabili.

PS Portala dagoeneko erreserba daiteke PlayStation Direct webgunetik; hori dela-eta, prezioa ere baieztatuta dago. 219,99 eurotan merkaturatuko dute japoniarrek.

Azaroaren 15ean argitaratuko dute ofizialki.