Ohiko hobekuntza teknikoekin estreinatuko da Sumo Digital-en plataforma abentura koloretsua.

PlayStationekoek gogor ekin diote PCan bideojokoak argitaratzeko lanari. Azken hilabeteotan Marvel’s Spider-Man, God of War edo Horizon Zero Dawn ikusi ondoren, titulu berri bat ordenagailuetara iritsiko dela baieztatu dute. Sackboy: A Big Adventure dibertigarria urriaren 27an kaleratuko da PCan.

Iragarpena arazoekin egin badute ere —Latinoamerikako Youtube kanal ofizialari ihes egin zion—, dagoeneko ofiziala dela esan dezakegu. Steam bidez jokatu ahalko dute ordenagailuko jokalariek.

Port hauek edukitzen dituzten ohiko berritasunak eta hobekuntzak jasoko ditu Little Big Adventure sagaren atal berrienak. Nola ez, bereizmenarekin eta irudi tasarekin hasi dute zerrenda: 4K-n jokatzeko aukera egongo da, 120 fps-tara iritsi ahal izanik. Horrez gain, pantaila ultra zabalentzako eta berrizte tasa aldakorra (VRR) duten monitoreentzako euskarria baieztatu dute. Bukatzeko, Nvidia DLSS teknologiarekin bateragarria izango da.

Sagako jokoetan plataformak nagusi izan badiera ere, sormenak eta eraikuntzak esanguratsuak izan dira. Sackboy: A Big Adventure, ordea, plataformetara guztiz zuzenduta dago. Era batera, Super Mario 3D World-en mekanikak eta jokagarritasuna hartzen ditu; hori horrela, erronka nahiz egoera anitzez betetako mailak ikusiko ditugu, baita multijokalaria ere. Lau lagun elkarrekin ari daitezke abentura honetan.

Sumo Digital estudioak garatutako bideojokoa 2020an estreinatu zen PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan. Esan bezala, PCra urriaren 27an helduko da.

 

PlayStationen jokoen erauntsia PCan

Ordenagailuko jokoen eskaintza zeharo aldatu da azken urteotan; are gehiago, PlayStationek argitaratutako jokoei buruz mintzatzen bagara. Sackboy: A Big Adventurekin batera beste hainbat titulu estreinatuko dituzte japoniarrek ordenagailuetan.

Aurretik, Uncharted: Legacy of Thieves Collection jasoko dute PCko jokalariek. Urriaren 19an estreinatuko da Naughty Dog estudioaren bilduma: Uncharted 4: A Thief’s End zein The Lost Legacy bilduko ditu. Ez da estudio honen bideojoko bakarra izango, ordea: oraintsu PlayStation 5ean kaleratutako The Last of Us Part I ere PCra iritsiko dela agindu dute, baina ez da argitalpen datarik zehaztu.

Egunik gabe, baina udazkenean jasoko dugula ziurtatuta dago, baina, Marvel’s Spider-Man: Miles Morales. Superheroi araknidoaren abenturen jarraipenak trailer berria jaso du orain gutxi PCko bertsiorako.

Horrez gain, blogean hainbatetan aipatu dugun Returnal dago. Filtrazioek aspalditik nabarmendu dute PCko bertsioa; oraindik adierazpen ofizialik jaso ez dugun arren, porta egiazkoa dela ziurtatzeko balio duen bideoa zabaldu zen pasa den astean sareetatik. Bertan jokoaren aukerak eta ezarpenak ikus daitezke.

Aipatutakoez gain, PlayStation Studios-ekoen are obra gehiago ordenagailuetan kaleratzea espero da. Horien artean dago, esate baterako, Ghost of Tsushima mundu irekiko abentura.