Enpresaren bulego estatubatuarretako jazoerak gogor kritikatu dituzte salaketa egin dutenek.

PlayStationek genero diskriminazio salaketa jaso du enpresako egungo langileen nahiz langile ohien aldetik. Axios agerkariaren arabera, guztira bederatzi emakume izan dira hainbat argudio aurkeztuta salaketa egin dutenak.

Jatorrizko demanda joan den azaroan aurkeztu zuen Emma Majo segurtasun informatikoko analistak. Majok bere lanpostutik kaleratu egin zutela adierazi zuen bere nagusi baten jokabide diskriminatorioak salatu ondoren. Demandan aldarrikatzen zuenez, “Sonyk emakumezko langileak diskriminatzen ditu soldaten eta igoeren aldetik, baita gizonezkoek kontrolatutako lan kulturapean ezarri ere”.

Majoren demandara beste zortzi emakume gehitu dira orain. PlayStationen bulego estatubatuar desberdinetakoak dira; hauen arabera, enpresan iruzkin umiliagarriak, komentario sexualak, beren lanak eta proposamenek arretarik ez jasotzea, eta, orokorrean, emakumea izateagatik enpresan aurrera egiteko zailtasunak ohikoak izaten dira.

Hori horrela, lanpostu nagusietagoatarako tokiak irekitzerakoan emakumeak kontuan hartzen ez dituztela diote salaketa jarri dutenek: “kalibrazio saioetako batean” kargu seniorretarako 70 gizonezko zeuden bitartean, lau emakumezko baino ez zirela egon aipatzen da, besteak beste.

Otsailean Sonykoek Majoren lehen demanda atzera botatzeko helegitea jarri zuten. “Majok ezin du diskriminazioa eragin edo emakumeengan diskriminazio inpaktua sortu ahal izan duen enpresa politika, praktika edo jazoera identifikatzeko”, zioten bertan.