PlayStation Showcase 2021 ekimenak “PS5-aren etorkizunari begirada bat emateko” balioko duela ziurtatu dute enpresa japoniarrekoek.

Uda osoan aurkezpen handirik egin gabe igaro ondoren, Sony bere belaunaldi berrirako prestatzen ari den bideo-jokoak erakusteko ekimen berezia baieztatu du datorren asterako. Oraingoan State of Play marka alboratu, eta joan den urtean PlayStation 5 kontsola aurkezterakoan erabilitako formatura itzuliko dira: irailaren 9an egingo dute PlayStation Showcase 2021 aurkezpena.

PlayStation Studios-eko taldeak prestatzen ari diren lanak ikusteko aukera egongo da bertan, baina kanpoko enpresa eta garatzaileen obrak ere bilduko dituztela adierazi dute japoniarrek.

Sid Shuman SIE-ko komunikazio arduradunak, ordea, bertan agertuko ez direnak zehaztu nahi izan ditu PlayStation Blog-ean argitaratutako sarreran: PlayStation prestatzen ari den errealitate birtualeko gailu berria kanpoan geratuko da.

Hori horrela, dagoeneko iragarritako hainbat jokoren berritasunak eskainiko dituztela suposa daiteke. Hor daude 2022rako berandutu dituzten God of War berria eta Gran Turismo 7, adibidez. Iazko aurkezpenean Final Fantasy XVI erakutsi zuten lehenengoz, eta beraz oraingoan ere Square Enix-en RPG abentura ikustea espero da Sonyren ekintzan.

22:00etan hasiko dute 40 bat minutuko iraupena edukiko duen ekitaldia. Youtube eta Twitch bidez jarraitu ahalko dela adierazi dute PlayStationekoek.