40 minutuko iraupenarekin, PlayStation Showcase 2021 aurkezpenak Sonyren kontsoletan estreinatzeko dauden berritasunak batu ditu.

Uda osoa ezer erakutsi eman ondoren, PlayStationekoek E3-ari uko egiterakoan gorde zituzten bideo-joko guztiak aurkezteko aprobetxatu zuten atzo gauean. PlayStation Showcase 2021 ekimena PS5-a aurkeztu eta urtebetera egin dute, datozen hilabeteetan eta urteetan kaleratuko dituzten joko propioak zein kanpoko garatzaileenak erakutsita.

Azken hamar minututuetarako gorde zituzten ustekabeko guztiak. Hermen Hulst PlayStation Studios-eko arduradun nagusiak hitza hartu, eta PS5 zein PS4 kontsoletarako bereziki prestatzen ari diren obra esklusiboak aurkezteari ekin zioten.

Harrigarriena eta esanguratsuena, zalantzarik gabe, joan den urtean lehen aldiz iragarritako God of War berria izan zen. Orain bai, Ragnarok azpitituluarekin, Kratos eta bere seme Atreus-en abenturen jarraipena izango da. Jostagarritasunean aldaketa handirik gabe, gudaren jainkoa kontrolatzen jarraituko dute jokalariek atal grafiko ikusgarria duen abentura honetan. Eskandinaviar mitologiako bederatzi erreinuak bisitatuko ditu berriz.

God of War Ragnarok 2022rako aurreikusita dagoen arren, trailerrean ez zuten inolako urterik ez argitaratze datarik aipatu. PS5erako zein PS4rako merkaturatuko du Santa Monica Studios garatzaileak.

Marvel komikien argitaletxe ezagunak presentzia handia eduki zuen aurkezpenean. E3an Square Enix-ek erakutsitako Guardians of the Galaxy-ren trailer bikain bat ikusi ahal izan zuten zaleek lehenengo, baina benetako zirrara PlayStation Studioseko Insomniac Games garatzailearen hurrengo bi bideo-jokoen eskutik iritsi zen: Spider-Man 2 eta Wolverine prestatzen ari dira une honetan.

Superheroi araknidoaren kasuan trailer zinematikoarekin aurkeztu zuten PS4ko abenturaren jarraipena. Peter Parker jatorrizko Spider-Man zein Miles Molares adiskidea ikus daitezke bertan, baita abenturako etsai nagusia izango dena: Venom beldurgarria. 2023rako prest izatea aurreikusten dute bideo-jokoa.

X taldeko aurpegirik ezaguna ere zinematika batekin konformatu behar izan zen, baina Otsokumeren jokoa ezusteko hutsa izan da zaleentzat. Argitaratze datarik eman gabe iragarri dute Marvel’s Wolverine.

Gran Turismo-ren zazpigarren jokoa ikustea espero zuten askok, eta horrela izan zen atzoko aurkezpenean. Polyphony Digital estudioko japoniarrek ohiko mekanika eta oinarriak mantentzen jarraituko dutela dirudi: grafiko harrigarriak, jokalari bakarrarentzako kanpaina interesgarria, auto mordoa eta guzti honetaz behar bezala gozatzeko argazkiak ateratzeko aukera.

Martxoaren 4an estreinatuko da Gran Turismo 7 PS5 eta PS4 kontsoletarako.

PlayStation Studios osatzen duten garatzaileekin jarraituta, Naughty Dog-entzako lekua ere egin zuten Showcasean. Ez zuten bideo-joko berririk aurkeztu, baina: Uncharted 4 eta honen The Lost Legacy espantsioa biltzen dituen Uncharted: Legacy of Thieves birmasterizazioa iragarri zuten.

PlayStation 5ean jokatu ahalko da, baina ez hori bakarrik: PC-rako bertsioa ere edukiko du Nathan Drake abenturazalearen azken abenturak. 2022ko lehen hilabeteetan eskuratu ahalko dela aurreratu dute PlayStationekoek.

Star Wars-en bideo-joko maitatuenetako baten remakea prestatzen ari direla baieztatu zuten atzo gauean. Knights of the Old Republic RPG arrakastatsua berregingo du Aspyr estudioak. Darth Revan ikus zitekeen trailerrean, baina ezer gutxi zehaztu zuten; plataformak ordea, bai. PlayStation 5ean estreinatzeaz gain, hau ere PCan gozatu ahalko dela baieztatu dute arduradunek.

Bethesda Xbox-ek bereganatu duen arren, akordioa itxi aurretik iragarritako bideo-jokoak PlayStationen ikusiko dira. Irailaren 14an kaleratuko den Deathloop eta datorren urteko udan merkaturatuko den Ghostwire: Tokyo dira horiek.

Gearbox prestatzen ari den Borderlands-en spin-off abenturaren jostagarritasuna lehen aldiz erakutsi zuten PlayStationeko aurkezpenean. Tiny Tina’s Wonderlands ez da askorik urrunduko jatorrizko jokoetatik, baina oraingoan fantasia, ezpatak eta dragoiak bilduko ditu sagaren ohiko umorearekin. Martxoaren 25ean estreinatuko da Playstation kontsoletan zein Xboxekoetan, baita PCan ere.

Aste honetan iragarritako Alan Wake abentura klasikoaren birmasterizazioak zer nolako itxura duen erakusteko une aproposa suposatzen zuen PlayStationen ekimenak. Idazleak Bright Falls herrian bizitako misteriozko eta beldurrezko esperientzia lehen aldiz bizi ahalko da Sonyren kontsoletan, baina Xbox Series, Xbox One eta PCrako ere estreinatuko da Remedy-ren obra maitatua. Urriaren 5erako prest edukiko dute.

Orain hilabete batzuk Square Enixek iragarritako Forspoken interesgarria berriz azaldu zen bart. Frey Holland gazteak mundu magiko batera bidaiatuko du bertan, eta ziztu bizian zeharkatzeko ahalmen bereziak eskuratuko ditu gainera. Horiekin munstro eta arerio gogorrak garaitu beharko ditu protagonistak. 2022ko udaberrian helduko da PS5era zein PCra.

Hack & Slash generoko joko bat ere lortu zuten PlayStationekoek ekimenerako. Shift Up estudio korearraren Project EVE-k NieR, Bayonetta eta Metal Gear Rising abenturetako elementuak batzen ditu atal grafiko harrigarria daukan jokoa eratzeko. Munstro erraldoiak, tamaina bereko ezpatak eta akzio bizia egongo dira PS5, Xbox Series eta PC plataformetarako lan honetan. Oraindik ez du estreinatze datarik.

Zale asko Vampire: The Masquerade – Bloodlines ezagunaren jarraipenaren zain dauden bitartean frankiziako era guztietako bideo-jokoak agertzen ari dira azken urteetan. Bloodhunt doako battle royale erako jokoa izango da. Banpiro mota desberdinen kontrola hartuta jokalariak hirian zehar ibiliko dira harrapakin gizajoen bila.

Argi dago pandemiak eragindako ondorioak bizi dituztela oraindik bai PlayStation Studios osatzen duten garatzaileek zein bestelakoek. Hala ere PlayStation Showcase honetan etorkizunerako obra benetan interesgarriak prestatzen ari direla ikusi da. Gehienak PlayStation 5eko esklusiboak izateari uko egin dioten arren, genero eta mota guztietako lanez gozatu ahalko dute Sonyren kontsoletako erabiltzaileek.