Sony-k datozen hilabeteotako eta urteetako bideojokoen erauntsia aurkeztu du bere zuzenekoan.

PlayStation Showcase aurkezpena ikusteko aukera eduki dugu azkenik. Aspalditik gabiltza Sonykoen zuzeneko handirik jaso gabe —azkena 2021eko irailean ikusi genuen—: State of Play txikiak urte erdiro edo are gehiagotan ikusten baditugu ere, PlayStationen ekimen indartsuena da Showcasea. Horixe bera erakutsi zuten atzo PS Studios-ekoek sortutako Spider-Man 2 edo Fairgame$ bezalako lanekin, Metal Gear Solid 3-ren remake desiratuarekin edo Sword of the Sea moduko indie itxurosoekin.

Ordubeteko iraupenarekin, bideoak eta trailerrak barra-barra erakutsi zituzten enpresa japoniarrekoek. Jim Ryan Sony Interactive Entertaintment-eko presidentearen agerraldi gutxi nahiz motz batzuk kenduta, bideojokoak baino ez genituen ikusi. Noizean behin, hori bai, PS VR2, PS Earbuds edo PlayStation Q gailuak erakusteko aprobetxatu zuten.

Interesgarriena bideojokoak direnez, errepasa ditzagun atzo iluntzean ikusitako esanguratsuenak.

 

Metal Gear Solid Δ: Snake Eater

A ze zirrara… Horrela zioen Donna Burke abeslariak MGS3 originalaren hasieran, eta bere doinu ezaguna berreskuratu dute berregiterako. Metal Gear Solid Δ izenarekin, 2004ko PlayStation 2-ko klasikoaren itzulera izango da; egia esan, azken asteotan dozenaka zurrumurru entzun ditugu honen inguruan, beraz gehienok espero genuen iragarpena izan da.

Trailer zinematikoa baino ez dute erakutsi, zoritxarrez. Sobietar Batasunean kokatutako oihanean murgildu ginen bertan, hainbat animalia erakutsita —jango ditugunak, noski— Naked Snake agentearen agerpenarekin bukatzeko.

Konami-koek ez dute argitalpen datarik eskaini, baina zuzenekoaren ostean plataformak zehaztu zituzten: Metal Gear Solid Δ PS5, Xbox Series eta PC plataformetan jokatu ahalko dugu.

Beste ezusteko bat zeukaten gordeta, ordea. Metal Gearren zaleak benetan poztuko dituena: Metal Gear Solid Master Collection bildumak joko klasikoak batuko ditu. Hainbat bilduma egiten dabiltzala dirudi; oraingoz, lehen bolumena aurkeztu dute.

MGS, MGS2: Sons of Liberty eta MGS3: Snake Eater bilduko ditu, baina, webgune ofizialera sartuz gero, ustekabeko prestatzen dabiltzala ikus daiteke. Ziurrenik, Metal Gear eta Metal Gear 2 originalak, aspaldi ikusitako MGS HD Collection-ek egin bezala.

Master Collectionen kasuan, ez dugu plataformarik ezagutzen —PS5a baieztatuta dago, noski—, baina bai argitaratze data: udazken honetan ikusiko dugu.

 

Marvel’s Spider-Man 2

Marvel argitaletxearen superheroi araknidoaren itzuleraren berri izan genuen aspaldi, baina oraindik jokagarritasun bideorik ikusi gabe geunden. Spider-Man 2 lehen aldiz mugimenduan ikusteko aukera izan genuen atzo, Showcasea amaitzeko hautatutako jokoa izan baitzen.

Insomniac Games-ekoen tituluak bi protagonista izango ditu oraingoan: Spider-Man originala, Peter Parker, eta dagoeneko bere jokoa eduki duen bigarren Spider-Man, Miles Morales. Hauen artean aldatzen joango garela ikus daiteke bideoan, GTA V gogora ekartzen duen mekanikarekin.

Bigarren jokoko protagonistetako bat sinbionte beldurgarria izango da. Venom doilorra agertuko zela jakin genuen iragarpen trailerraren bidez, baina oraingoan Peter Parkerri eragingo diola ezagutu dugu: indar gehiago eskuratuko du honi esker, baina nortasun oldarkorragoa izango du horren truke.

Oraingoan Manhattan-etik aldenduko dira protagonistak: Queens auzoan borrokan dabiltzala ikus daiteke bideoan, Kraven ehiztariaren mertzenarioen aurka bizitako duelu ikusgarriekin.

Marvel’s Spider-Man 2 udazken honetan kaleratuko da PS5ean.

 

Assassin’s Creed Mirage

Ubisoft-ek ere bere tartetxoa jaso zuen zuzenekoan. Nola ez, Assassin’s Creed frankiziaren hurrengo atala erakutsi zuten bertan: lehen aldiz Miragen jokagarritasunaz gozatu genuen.

Erroetara itzuliko direla aipatu dute behin eta berriz frantsesek, eta, trailerra ikusita, egia dela dirudi. Bagdadgo hiria zeharkatuko dugu Basim asasinoaren rola hartuta: girotze arabariarrarekin eta jantzi zuriekin, AC1-en berregitearen aurrean gaudela pentsa dezakegu.

Argitalpen data ere zehaztu dute Ubisoftekoek: urriaren 12an estreinatuko dute PS5ean, Xbox Seriesetan eta PCan.

 

Alan Wake 2

Sam Lake gidoilaria agertu zen unean jakin genuen zaleok Alan Wake maitatuaren jarraipena ikusten genbiltzala. Beldurrezko istorioak bere lehen gameplay zertzeladak ezagutzera eman zituen Showcasean, sekulako atal grafikoa eta girotzea aurkeztuta.

Hala ere, protagonista berria kontrolatuko dugu oraingoan —Alan Wakengana itzuliko garela suposatzekoa den arren—: Saga Anderson polizia. Berarekin batera iluntasunez betetako mundua esploratu beharko dugu, denetariko munstroei eta izakiei aurre eginez.

Alan Wake 2 urriaren 17an merkaturatuko du Remedy Entertainment-ek PS5, Xbox Series eta PC gailuetan.

 

Dragon’s Dogma 2

Hideaki Itsuno bueltan da, eta azken urteetan sortutako abentura eta RPG bideojokorik maitatuenetakoarekin dator.

Capcom-ekoek Dragon’s Dogma 2ren mundua aditzera eman zuten atzo gauean; egia esan, lehen bideojokoan ikusitakoarekin aldaketa gutxi nabarmentzen dira, baina horixe bera da zaleek nahi dutena azken finean.

Fantasia, magiak eta ezpatak, eskala daitezkeen munstro erraldoiak eta esploratzeko erresuma ederra izango dira DD2k eskainiko dituenak. Momentuz, baina, jokatzeko itxaron beharko dugu, ez baitauka kaleratze datarik.

 

The Plucky Squire

Iaz Devolver Digital argitaletxeak iragarritako abentura independenterik ederrenetakoa berriz ikusi genuen PlayStationekoen ekitaldian. The Plucky Squire abentura, esplorazioa, borrokak eta puzzleak biltzen dituen titulu ederra izango da.

Hasiera batean bi dimentsioko The Legend of Zelda klasikoak gogorarazten baditu ere, laster batean ikusiko dugu eskaintzeko daukana. Izan ere, bizi diren liburuetatik irtetzerakoan, protagonistek 3D mundua zeharka dezakete, erronka zein mekanika berriak sortuta.

Aurten jokatu ahalko dugu kontsoletan zein ordenagailuetan.

 

Indie jokoak zein errealitate birtualekoak

Indie tituluekin jarraituz, hauen sorta zabala zerrendatu zuten zuzenekoan. Gris ederraren Nomada Studio sortzaileak Neva aurkeztu zuen; adin guztietarako ARPG txukuna da Cat Quest Pirates of PurribeanTeardown-en suntsipena PS5era iritsiko da PCtik igaro ondoren; Finji argitaletxekoek katu bat protagonistatzat daukan Revenant Hill iragarri zuten; Ultros metroidvania psikodelikoak zoratu egin gintuen. Bukatzeko, PS VR2aren errealitate birtualerako Arizona Sunshine 2Crossfire Sierra SquadSynapse eta Beat Saber ikusi genituen.

 

Marathon

PlayStationek bereganatu osteko lehen bideojokoa iragarri dute Bungie estudiokoek. Halo-ren gurasoak erroetara itzuliko dira Marathon itxurosoarekin, baina ez askok nahi zuten bezala.

Jokalari bakarrarentzako —multia ere zeukaten— tiro jokoen saga klasikoa zerbitzu jokoan bihurtu dutela dirudi. Trailer zinematiko koloretsuak Tarkov estiloko proposamena aurkeztu digu: taldekako zein bakarkako biziraupen shooter-a.

Horrez gain, zelan ez, Destiny 2-rekin ere jarraitu zuten Bungikoek; dirudienez, tiro joko ezagunari zuzendutako ekimen berezia egingo dute bere “azken” eduki gehigarria aurkezteko, The Final Shape. Abuztuaren 22an egingo dute zuzenekoa.

 

Fairgame$

Jade Raymond garatzailearen Haven Studios hasiberriak bere lehen obra aurkezteko aukera izan zuen atzo. Fairgame$ tiro joko multijokalaria izango da, lapurretetan ardaztuz.

Bideo zinematikoan aberatsei lapurtzerakoan biziko ditugun erronkak ikus daitezke: laserrak, oztopoak eta bestelakoak azalduko zaizkio gure taldeari. Era batean, Payday estiloko lana izango dela pentsa daiteke.

PS5erako zein PCrako eratzen dabiltza Havenekoak: ez dute argitaratze datarik zehaztu oraindik.

 

Helldivers 2

Arrowhead Studios taldea Helldiversekin bueltan da. Starship Troopers-eko girotzea eta umorea oinarri hartutako tiro joko kooperatiboak twin stick kutsua galdu, eta hirugarren pertsonako ikuspegia hartuko du oraingoan.

Beste guztiak berdin jarraituko duela dirudi: gure taldearekin dozenaka pizti eta etsai akatuko ditugu, bidean, agian, gure lagunetako bat edo beste hilda. Irailean hasiko dugu sarraskia: PS5ean eta PCan ibili ahalko gara Helldivers 2n.

 

Resident Evil 4 VR

Zuotako askok jakingo duzuen modura, Capcomekoak Resident Evilen beste errealitate birtualeko bertsioa prestatzen dabiltza: oraingoan, azken jokoa hartuko dute horretarako, Resident Evil 4 Remake.

PS VR2 gailuetarako erakutsitako bideo laburrean joko hasierako hainbat gune ikus daitezke: herrixka, hasierako basoa, etab. Ez hori bakarrik, jokagarritasunaren funtzionamendua ere ageri da: Leon S- Kennedy agentearen gorputzean sartuta, esku batekin tiroka eta bestearekin labana kontrolatuz ariko gara.

Bai, motozerrak aiztoarekin geldituko ditugu berriz, bai horixe.

 

Sword of the Sea

Giant Squid indie taldeak ABZU edo The Pathless bezalako lanak sortu ondoren —eta, aurretik, Journey, Thatgamecompany izenean— antzeko estetika eta girotzea uztartzen dituen Sword of the Sea ikusgarrian ari da lanean.

Hoversword izeneko ezpata-skate taula hartuta basamortuak zein itsasoak gurutzatuko ditugu: atal grafiko benetan ederrarekin lekuetatik ibiltzea bakarrik gozagarria izango dela esan daiteke. Hori horrela, skate eta snowboard jokoen elementuak batuko ditu, baina fantasia girotzea hartuta.

PS5 eta PC plataformetan merkaturatuko dute.

 

Concord

PlayStation Studioseko Firewalk kidea berria ere izan zen Showcasean. Joko berria erakutsi zuten atzo, baina trailer zinematikoarekin bakarrik: Kavinsky musikagilearen doinuekin girotutako Concord itxurosoa.

Tiro joko multijokalaria izango dela diote PlayStationekoek beren blog ofizialean: PS5ean zein PCan estreinatuko da 2024an. Mundu koloretsuak eta retro estetika agintzen ditu.

 

The Talos Principle 2, Foamstars, Granblue Fantasy

Agerikoa denez, asko izan ziren PlayStation Showcasean bildutako tituluak. Hori dela eta, goazen azkenengoak azkar-azkar ezagutzera.

The Talos Principle puzzle joko sarituak aurten bigarren atala jasoko du; gauza bera gertatzen da Ghostrunner 2-ren akzio zirraragarriarekin; Phantom Blade 0-ren atal grafikoak erotu egin gintuen; Splatoon multijokalariaren klona erakutsi zuten Square-Enixkoek, FoamstarsFinal Fantasy XVI desiratuak argitalpen trailerra estreinatu zuen ekimenean; hainbat urteko garapena duen GranBlue Fantasy Relink-ek pertsonaia berriak aurkezteko bideoa eduki zuen; Street Fighter 6-k jokalari bakarrarentzako mundua erakutsi zuen berriz.

Aipatutakoak baino gehiago daude, hala ere. PlayStation Showcase 2023 bere osotasunean ikusi nahi izanez gero, jarraian duzu zuzenekoa: