Ergonomia arloan gogor lan egin dutela nabarmendu dute arduradunek. Oraindik ez dauka argitaratze datarik.

PlayStationekoek beren errealitate birtualeko gailuen belaunaldi berria aurkeztu zutenetik ia urtebete igaro da. Nahiz eta denbora tarte horretan hainbat zehaztapen eskaini dituzten, oraindik kaskoen itxura ezagutu gabe egon gara: urteurrenean hori aldatzeari ekin diote, eta PS VR2ak erakutsi dituzte lehenengoz.

PlayStation 5 kontsolaren estetika jarraituko dute kaskoek, nola ez. Zuria eta beltza batzen dituen diseinu modernoarekin, forma biribila eman nahi izan diote; kaskoekin batera etorriko diren mandoen itxura jarraitu dute modu horretara.

Diseinuarekin batera ergonomiari buruz mintzatu dira PlayStation Blog-ean. Hideaki Nishino PlayStationeko platforma esperientziako zuzendariordeak alor horren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Gure helburua ez zen soilik begietara erakargarria egiten den edo egongelan polito geratzen den kaskoa sortzea, jokalaria kaskoa edo agintea erabiltzen ari dela ahazteko murgiltze sentipena indartzea baino”.

Lehen PS VR kaskoen ergonomiarekin emaitza onak lortuta, bigarren bertsioan antzeko egitura mantentzea erabaki dute. Diadema moldagarriarekin jokalariaren anatomia edozein modutakoa dela ere eroso sentitzea bilatzen dute. Lenteen eta begien arteko altuera zein distantzia doitzeko aukera ere nabarmentzen du Nishinok.

Zehaztapenetara itzulita, 2000×2040-ko bereizmeneko OLED pantailak edukiko dituzte kaskoek. 90 eta 120Hz-ko irudi tasak, 110 graduko ikus eremua, HDR-arentzako euskarria, begien jarraipena… denetarik bilduko dute. PS5era konektatzeko USB-C motako kable bakarra beharko dute gailuek: ez dute lortu haririk gabeko tresna garatzea, baina gutxienez kable sorta alboratu daiteke oraingoan.

Bideojokoei dagokienez, momentuz bakar PS VR2entzat bereziki sortutako bat ezagutzen dugu: orain aste batzuk iragarritako Horizon: Call of the Mountain. Sonyren apustua ikusita, baina, aurreikustekoa da etorkizunean errealitate birtualeko zenbait obra gehiago ikustea; are gehiago, garatzaileek dagoeneko jaso dituzte lehen garapen kitak, beraz PlayStationen errealitate birtual gaurkoturako lan berriak sortzeko prest daude orain.

Denetariko xehetasunak eskaini dituzten arren, japoniarrek ez dute zehaztu PS VR2en argitaratze data, ezta prezioa ere.